argia.eus
INPRIMATU
Ehunka nepaldar Indian harrapatuta, koronabirusa dela eta mugak itxi dituztelako
  • India eta Nepalen arteko muga itxi dute bi herrialdeek, koronabirusaren hedapena geldiarazteko. Nepaleko Darchulako distritua, herrialdeko mendebaldean, muga egiten duen horietako bat da, eta itxialdiaren eragina zuzenean pairatzen duenetako bat ere bai. 130.000 lagunetik gora bizi dira, erdiak baino gehiago pobrezian, eta gehienak mugaren inguruan lanean.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 01a
India eta Nepalen arteko muga postu bat.

Bost koronabirus kasu zenbatu ditu Nepalek, guztiak kanpotik eramandakoak. Hala ere, Al Jazeerarekin hitz egin duten adituek kopuru baxu hori egin dituzten test urriei egotzi diete, izan ere, 30 milioi biztanleko herrialdean 1.000 test baino gutxiago egin dituzte.

Martxoaren 22an Nepalek Indiarekin dituen mugak itxi zituen, milaka herritar Indiako lurraldean utzirik. Nepalgo gobernuak mugan zehar zenbait azpiegitura jarri dituela adierazi du, joan-etorrian dabiltzan horiei laguntzeko, baina jende kopuruak gora egin du izugarri eta ez dira nahikoak emandako erraztasunak.

Human Rights Watch (HRW) erakundeak komunikatu bat kaleratu du Nepalek bere herritar langileak abandonatu egin dituela esanez, ez baitie etxera itzultzeko aukerarik eman: “Nepalgo Gobernuak berehalaxe erreakzionatu beharko luke bere herritarrak etera bueltatu ahal izateko”.

Gobernuak, bere aldetik, arazoa konpondu dela esan du. Yadunath Paudel Darchulako distrituko agintariak adierazi du Indiako agintariekin lankidetzan bost aterpetxe jarri dituztela mugan.

Indiako herritarrekin ere antzerako zerbait gertatu da, 1.000 indiar inguru daude muga gainditu ezinik. Muga pasatzen ahalegindu zirenean, Indiako Poliziak airera tiro egin zuela salatu zuten, poliziak hori ukatu bazuen ere. Guztiak ala guztiak Nepalgo eskola baten daude konfinatuta isolamentua pasa artean.

Estigmaren beldur

Nepalgo biztanleetako batzuk legez kanpo sartu dira herrialdera, landa eta ibai artean. Beren herrietan daude, baina ez dute nahi jendeak horrela sartu direnik jakiterik. Izan ere, hori badakite, beren etxeak gurutze gorri handi batez markatuko dituztela diote, hori egiten baitute kutsatutako jendearekin.

Beldur dira “izurritearen hedapenaren errudun” izendatuko ote dituzten eta horregatik ez dute ezer esan. Hala ere, kontziente dira konfinamendua mantendu behar dutela beren familiako kideak kutsatu ez daitezen, eta hori egiteko nahia adierazi dute.