argia.eus
INPRIMATU
Ehunka lagun elkartu dira Baionan eskuin muturraren kontra
  • Sindikatuek eta Alda elkarteak deituta karrikara atera dira herritarrak eskuin muturraren gorakada salatzeko.

Olaia L. Garaialde 2024ko ekainaren 17a

Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herrian Europako Parlamenturako hauteskundeak irabazi zituenetik, kezka eta protestak handitu dira herritarren artean. Sindikatuek eta Alda elkarteak deituta, larunbatean, kalera atera dira eskuin muturrari aurre egiteko beharra aldarrikatzeko eta eskuin muturraren gorakadaren ondorioez ohartarazteko. 

Goizean, besteak beste LAB, ELB, CFDT, CGT, UNSA, FSU eta Solidaires 64 sindikatuek eta Alda elkarteak deitutako mobilizazioa izan da, eta "larrialdi sozialeko" garaia dela eta langileen eskubideak jokoan daudela nabarmendu dute. Horrez gain, Alda elkarteak etxebizitza eskubidean ere jarri du fokua. 

Eñaut Aramendi LABeko kidearen arabera, Emmanuel Macronen erreformek "garai oso larria" eragingo dute. Horregatik, ezkerra eta sindikatuak batzeko "urgentzia" dagoela nabarmendu du: "Ezin diogun Batasun Nazionalari irabazten utzi. Ezkerreko alternatiba bat sortu behar dugu". 

Jai giroan egin dute manifestazioa, eta bandera eta ikur ugari ikusi dira; hala nola ikurrinak, Palestinakoa, LGTBIAQ+ komunitatearena eta ikur antifaxistak. Aldarri ugari entzun dira manifestazioan zehar; hala ere, mezu nagusia faxismoaren kontra izan da, eta horma batetik faxismoa borrokatu lelodun kartel handia zintzilikatu dute.