Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute Belgikako Feluy hirian duen fabrika, eta protestak egin dituzte Anberesen duen plantaren atarian eta Bruselan.
Protestara deitu duen Code Rouge kolektiboaren arabera, 700 lagun inguru bildu dira asteburuan Feluy-ko fabrikaren kanpoaldean, eta errepide eta trenbideak moztu dituzte. Ia bi egunez mantendu dute blokeoa, nahiz eta tokiko gobernadoreak agindua emana zuen bertan manifestaziorik ez egiteko. Poliziak auto, itsasontzi eta helikopteroa mobilizatu ditu manifestariak kontrolpean izateko asmoz. Ez da liskarrik izan eta festa giroan egin dute protesta ekintzaileek, Contre Attaque webgunean irakurri daitekeenez. Dena den, salatu dute bezperatik atzetik izan dituztela poliziak, eta hainbat pertsona identifikatu dituztela, RTBF guneak jaso duenez.
Anberesen, aldiz, poliziak gogorrago egin du errepideak mozten saiatu diren ekintzaileen aurka, eta 270 lagun atxilotu ditu.
Code Rouge kolektiboak Total bezalako enpresen eta agintari politikoen erabakiak kritikatu ditu, krisi klimatiko betean "jarduera suntsitzaileak" zabaltzen jarraitzen dutelako. "Absurdoa da" dio. "Erregai fosilen industriak urtez urte irabazi handiagoak lortzen ditu herritarren kontura. Mundu osoan, herritar arrunta beharturik dago aipatu jarduerak dakarren krisi ekologiko eta sozialaren ondorioei aurre egitera". Hain justu, Total Energies energia-enpresaren jarduna hainbatetan izan da jo-puntuan, baita gurean ere. 2022an, esaterako, enpresako zuzendariak Ezpeletara (Lapurdi) egindako bisitan protesta egin zuen Bizi! kolektiboak, larrialdi klimatikoan duen ardura salatzeko.