argia.eus
INPRIMATU
Ehun ziztadatik gora eta bortxaketa bat salatu dira asteburuan Euskal Herrian
  • Algortan, Azpeitian, Baionan, Bilbon, Gasteizen, Santurtzin, Villabonan, Zarautzen eta Zierbenan salatu dute emakume askok ziztatuak izan direla. Horrez gain bi gizonek emakume bat bortxatue dute Zizurkilen.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 01a
Villabonan elkarretaratzea ziztadak eta eraso matxistak salatzeko. Argazkia: Villabonako Udala.

Gutxienez 130 emakume izan dira ziztatuak Euskal Herrian, eta datuei begiratuta, eraso mota hau areagotzen ari da. ARGIAn azaldu genuenez, droga ezezagun batekin ziztatzen dute biktima. Ertzaintzak azaldu duenez, oraindik ez dakite zein toxiko erabiltzen den. EITBk informatu duenez, osasun zentruetara eramandako erasotutako emakumeei analisi toxikologikoak egin zaizkie, “baina orain arte inori ez zaio inolako substantzia positiborik atzeman”. 

Baionako jaietan 112 izan dira jaiak hasi zirenetik ziztada erasoa jaso duten emakumeak. Asteazkenean hamasei izan ziren, ostegunean 24, ostiralean 39 eta larunbatean 33.

Horrez gain, beste hainbat udalerritan ere salatu dita ziztadak: Algortako festetan lau pertsonak, Zarautzko Summer Live 2022 jaialdian bi neska adin txikikok eta Santurtzin beste batek.

Zierbenan hainbat emakumek ere salatu dute ziztadak sentitu izana eta Arena hondartza inguruko txosnagunea itxi egin dute ziztadak salatzeko. Villabonan ere txosnagunea eta tabernak itxi dituzte hainbat emakumek ziztatuak izan direla jakinarazi ondoren.

Bilboko Back Stage diskotekan bi emakumek salatu zuten ziztatu zituztela eta Basurtuko erietxeko larrialdi-zerbitzuetan artatu dituzte.

Azpeitian emakume baten ziztadari erantzun zioten anbulatorioan, Urola Kostako Hitzak adierazi duenez gutxienez bi ziztada egon dira, eta Gasteizen beste emakume bat artatu zuten Txagorritxun, ziztada jaso zuelako baita ere. Arabako hiriburuko laugarren ziztada da egun gutxian. 

Bortxaketa Zizurkilen

Ziztada guztiez gain, Villabonako festetatik etxera itzultzen ari zen emakume bat bortxatu dute bi gizonek. Bi gizonak atxilotuak izan dira sexu-erasoa egitea eta lapurreta leporatuta.

Katalunian protokoloa berritu dute

Kataluniako Gobernuak ziztaden aurkako jarduera-protokoloa eguneratu du azken egunotan hemezortzi salaketa jaso ondoren. Hainbat emakumek adierazi dute ziztada bat jaso dutela, baina ez dute ez sexu-erasorik ez lapurretarik jasan. 

Noticias de Navarrak informatu duenez, emakume batek ziztada jaso duela uste badu, artatua izateak duen garrantzia azpimarratu dute eta, etxera joan aurretik osasun-zentro batetik pasartzea ere beharrezkotzat jo dute, ahal bada lagun batekin. Bertan profilaxia jaso ahal izango dute GIBarekin kontaktua izanagatik (ziztada xiringa batekin egin bada, balitekeelako behin baina gehiagotan erabili izana pertsona ezberdinengan), eta premiazko analisi toxikologikoak egingo zaizkie.