argia.eus
INPRIMATU
EHUn, zaharrak berri
Behe Banda 2024ko urriaren 07a
Behe Banda

Ezin inoiz jakin zer topatuko duzun ikasturtea hasten denean, irailaren lehenak beti ohi dira tentsio altuko garaiak, hiru ala berrogei urte izan. Motibazio altuko garaia, hizkuntza eskolan eta gimnasioan izena emateko unea. Aurten zeramika ere egingo dut, beti izan da nire pasioa. Norbanakoak bere buruarekin eta munduarekin dituen espektatibak sortzeko eta kudeatzeko, zertarako bestela?

Nahikoa izan ohi dira, ordea, lehen bizpahiru asteak errealitatearen aurka aurpegiz jotzeko. Lehen alarmak goizeko zazpietan, lehen azterketa, zure nagusiaren harrokeria oroitzea, zure irakaslearen lehen aipamen faxistak… Ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Goizean esnatu, zuzenbide penaleko eskuliburu ditxosozkoa hartu, eta Bizkaibusean klasera zoazela Twitterren irakurtzea irakasleak "sukaldea garbitzera" bidaltzen zaituela. Kafesne bat likoreaz, mesedez.

Ez da kasualitatea, zoritxarrez, eta ez da izango azken kasua, esan gabe doa. Unibertsitatea teorian jakituriaren eta kulturaren tenplu bada, praktikan akademizismo eta hitz potoloena besterik ez da. Titulu bat, bi artikulu hilabetero eta hamaika ikerkuntza lan paraleloan, merituak irabazteko lasterketa itxurazkoa. Gehien dakienaren plantak egitea da, antza, helburu gorena. Ezdakitnor Garcia, Paternalismoan Doktorea.

Hala bilakatzen da unibertsitate publikoa (publikoa!!!) hainbeste eminentziaren hazitoki. Kultura hedatu beharrean irakasle erreakzionarioak kontratatzea; izan ere, oso entzutetsuak dira haien arloetan

Hala bilakatzen da unibertsitate publikoa (publikoa!!!) hainbeste eminentziaren hazitoki. Kultura hedatu beharrean irakasle erreakzionarioak kontratatzea; izan ere, oso entzutetsuak dira haien arloetan. Aitzakiak hamaika, falaziak eta itxurakeriak beste. Berdintasun, errespetu eta inklusioarekin ahoa bete eta barne egituretan malabarrak egin faxismoa zuritzeko. Baina lasai, mantso, egon gaitezen eskatzen digute ikasleoi, “prozedura amaitu arte”; lan postutik kanpo bidaliko baitituzte, nonbait, horrelakoak.

Dena den, ezin dezaket ekidin zalantzak sortzea nire barruan: noiz arte da hori? Litekeena da tartean denbora egotea irakasleren batek zakila ikasleei (berriro) bortizki erakusteko, Palestina zapaltzen duten sionistekin katedrak (berriro) antolatzeko, poliziaren presentzia (berriro) areagotzeko… eta abar.

Familia askotan gurea da unibertsitatera joateko aukera dutenen lehen belaunaldia, baina unibertsitatea azkena izan dadin saiatzen ari da antza. Gazteon behar, nahi eta pentsamoldea gaurkotu bada, ezin berdina esan hain zaharkitua geratu den instituzioaz, gizon omentsu atzerakoiz josita, elitismo kirats sekulakoa dariela. Eman ta zabal zazu baina prozedura amaitu arte, besterik ez.