argia.eus
INPRIMATU
Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia - Merezimendu Saria
“Herria maite zuten haien guztien nahia gauzatzen jarraitzen dugu”
ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 25
IƱaki Dorronsoro eta Miriam Urkia. Argazkilaria: Dani Blanco

"Bizitza laburra izan bazuen ere, aztarna oso sakona utzi zuen euskal ikaskuntzetan. Mujikak ARGIA aldizkariaren sorreran hartu zuen parte, Donostian, 1921. urtean. Hamar urte lehenago Euskalerriaren Alde aldizkariaren bultzatzaile izan zen. Euskal ikaskuntzak gazteen artean sustatzea eta hizkuntza zaindu, landu eta hedatzea zen agerkari horren xedea. Eta, 1918. urtean Eusko Ikaskuntza sortu zenean, idazkariorde izendatu zuten. Ardura horrek eraman zuen Euskaltzaindiaren eraketan esku hartzera, 1919an".

Dorronsorok nabarmendu du duela mendebete, Iparraldeko, Nafarroako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskal herritarrek "elkarbizitza egituratu" nahi zutela, "nortasun-ezaugarriak sustatu, Herria esnarazi". Izan ere, "lozorroan baitzegoen azken karlistalditik eta foruak indargabetu zituztenetik. Horretarakoxe jaio zen Eusko Ikaskuntza. Ehun urte igarota, Gregorio de Mujikaren eta Herria maite zuten haien guztien nahia gauzatzen jarraitzen dugu, duela mende bat euskararen eta kulturaren aldeko apustua egin zuten haien nahia: euskara eta kultura topagune eta elkartasunerako gune izan daitezela euskal komunitate handiaren partaide sentitzen garen guztiontzat".

Euskaltzaindia: "Euskal gizartetik sortu ginen eta gizarteari bueltatzen diogu egindako lana"

"Sari hau ez da Euskaltzaindiarentzat, edo ez Euskaltzaindiarentzat bakarrik, euskaldun guztiontzat baizik, guztion artean egiten baitugu euskara eta, beraz, Akademia", esan du Mirian Urkia euskaltzainak.

"Guk ez dugu ezer asmatzen, gizarteak darabilena jaso, antolatu eta gizarteari bueltatzen baizik. Euskal gizartetik sortu ginen eta gizarteari bueltatzen diogu egindako lana, gure helburua zerbitzua baita. 100 urte bete ditugu aurten, 50 urte euskara batuak, baina aurrera begira jarrita gaude, erronka berriei aurre egiteko prest, gizartearen beharrei begira erantzun egokia eman ahal izateko".

"Ez dut aipatu gabe utzi nahi Euskaltzaindia ez garela euskaltzainak bakarrik", jarraitu du Urkiak. "Familia handia gara: euskaltzain osoak, ohorezkoak, urgazleak, langileak, batzordeetako kideak, elkarlanean diharduten –diharduzuen– erakundeak asko gara, eta hala jarraitu nahi dugu. ARGIAk astero helarazten digun astekaria gure corpusak berehala zurrupatzen du, gerora hiztegiko materialen artean lantzeko, adibidez. Zer egingo genuke zuek gabe, guztion lankidetzarik gabe!".