argia.eus
INPRIMATU
Ehun mugimenduak Loiolako kuartela “desjabetu” eta “herritarren esku” uzteko ekimen nazionala deitu du
  • Ehun mugimenduak agerraldia egin zuen larunbatean, Loiolako kuartela (Donostia) "desjabetu" eta herritarren "esku uzteko" asmoa duen ekimen nazionalerako deia egiteko. Martxoaren 27an izango da ekimena, eguerdiko 12:00etan kuartel pareko Latsari plazan. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 15a
Argazkia: Ehun mugimendua

Larunbatean, Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak agerraldia egin zuen Donostiako Loiolako kuartelaren parean, martxoaren 27rako ekimen nazional baterako deia eginez. Ekimenaren asmoa militarren kuartela “desjabetu” eta “herritarren esku” uztea da.

1978ko erregimenari aurre egin nahi diote: “Bere logika oso sinplea dela uste dugu: elite bati mesede egitea. Sistema ekonomikoa, judiziala, politikoa, kulturala eta, azken finean, ideologikoa da 78ko erregimena. Erregimen hori da Estatu espainiarraren berezko forma”.

Agerraldian, Donostiako Udalak Loiolako kuartela erosi izana “ espekulaziorako” operazio bat dela nabarmendu zuten: “ Udalak, denena den diru poltsatik milioi asko militarrei emango dizkie, bertan 1.700 etxebizitza egiteko. Bide batez, betiko eraikuntza enpresek baimenduta dagoen espekulatzeko aukera aprobetxatuz, herritarren kontura puzten jarraituko dute”.

Bestetik, donostiarren eta loiolatarren iritzia kontuan ez dela hartuko azpimarratu zuten, “militarren eraikuntzak herritarren beharretara egokitu ordez, eraikuntza horiek bota eta elite ekonomikoei men eginez, enpresa erraldoien beharretara makurtuko dituztelako”. “78ko erregimenak ez du galdetzen, inposatu egiten du”, gaineratu zuten.

Ehunen ustez, gauzak beste modu batekoak izan daitezke eta horregatik, 78ko erregimenarekin hausteko beharra azpimarratu zuten: “Porlanaren mafia beharrean, ongizate komuna lehenestea posible dela ozen diogu, eta badakigu hori soilik euskal errepublikarekin etorriko dela”. Horretarako, ekimen nazionalean intsumisioaren mugimenduak duela 20 urte egindako bidea jarraituko dute: “Baimenik eskatu gabe, gureak ditugun burujabetzak praktikara eramaten hastea". Izan ere, haien borrokak euskal errepublikaren aldekoarekin "antzekotasun handiak" izango dituela uste dute.

Hala, martxoaren 27an Loiolako kuartelaren parean dagoen Latsari plazan elkartzeko deia egin diete herritarrei eguerdiko 12:00etan euskal errepublikaren aldeko ekimen nazionala egiteko. “Herritarron komunitatea lehenesten duen euskal errepublika nahi dugula esateaz gain” , erakusketak eta sound sistema izango dira “militarren kuartela desjabetu eta herriaren esku uzteko” ekimen honetan.  

 Larunbateko agerraldian Ehun mugimenduak irakurritako komunikatua zabaldu dute: