NOR talde antiespezistak egin ditu kalkuluak. Bertako kideek urte eta erdi eman dute inguruetako hiltegietako jarduna ikertzen, ezkutuan, eta ondorioak laburbildu dituzte Azken minutua: Heriotza eta erresistentzia bideoan.
Euskal Herriko hiltegien argazki panoramikoa egitea ahalbidetzen dute NOReko kideek emandako datuek: urtean munduan hiltzen dituzten 70 mila milioi animalietatik, 100 milioi inguru hiltzen dituzte Euskal Herrian. Lurralde bakoitzeko datuak hauek:
30 hiltegi inguru zenbatu dituzte Euskal Herrian, eta inguruko herrialdeetan beste horrenbeste daudela jakinarazi. NOReko kideek horietako hamarretan infiltratzea lortu dute, bertako jarduna dokumentatu asmoz. “Industriak debekatuta dauka edozein kazetarik bertako irudiak kaleratzea, eta hermetismo handia dago”, adierazi du taldeko bozeramaile Maialen Sagüesek. Hala bada, ezkutuan eraman behar izan dute aurrera ikerketa.
Hiltegietako irudiak publiko egiteak kalteak eragiten dizkietela onartu izan dute sarri negozioaren arduradunek. “Niri bost axola jendeak Turkiako hiltegi bat ikustea, baina ez dut nahi nirea ikusterik”, adierazi du bideoan agertzen den hiltegietako baten arduradunak. Talde antiespezistak publiko egin duen ikerketak, baina, Euskal Herriko hiltegietako eta hildako animaliak gurean saltzen dituzten hiltegietako irudiak aireratu ditu.
Irudi gogorrak dira nagusi bideoak irauten dituen hamabi minutuetan, hiltegien baitan animaliek jasaten duten indarkeriaren testigantza jasotzen baita bertan. Hiltzera kondenatuak direla antzematean animalia orok ihes egiteko saiakera nola egiten duen ikusi daiteke, baita langileek animaliak kontrolpean izateko erabili ohi duten indarkeriazko tratua: lanabes askotarikoez, ostikoez, kolpeez eta bultzadez baliatzen dira animaliak menderatu eta alde batetik bestera nahieran mugitzeko. Hilketa prozesua ere gordinik azaleratzen da.
Gizakion kontsumorako izan ala ez, animaliak hiltegietan hil behar dira legeak dioenez. Haztegi industrialetatik heldu ohi da animalien gehiengoa hiltegietara, “baina haztegi ekologikoetan, baserri txikietan eta larreetan esplotatzen dituzten animaliak ere” bertara bidaltzen dituztela azpimarratu dute ekintzaileek. Esan beharrik ez da, animalien industria ere ez dago logika kapitalistatik salbu: azaltzen dutenez “behar beste hasi direnean edo jada ekonomikoki errentagarriak ez direnean” hiltegira bideratzen dituzte animaliak.
Bestalde, urte eta erdiko ezkutuko jardunaren bidez antzemandako beste aspektu bat ere bistaratu nahi izan dute: hiltegietako lan baldintza gogor eta prekarioak. Adierazten dutenez, bisitatutako hiltegietako baten langile guztiak ziren migratzaileak. Beraien hitzetan: “Hiltegiotan sistemak zapaldutako langileak aritzen dira, sistemak zapaldutako gizakiz besteko animaliak akabatzen”.
Ikerketaren helburua zein den argi daukate NOReko kideek: “Lanaren bidez gogoeta piztu nahi dugu herritarren artean, hausnartzeko gizakiok zein motatako harremana dugun beste espezieetako animaliekin”. Hiltegi orotan animaliak bidegabeki hiltzen direla, ziurtasun osoz baieztatu dute. Bidegabekeria horren oinarrian gizakiak animaliekiko duen botere eta pribilegioak jartzen ditu Ikerketak, ikusleari digeritzeko zaila suertatu dakiokeen platera. Baina azken finean hori da helburua: platereko xerra hori borondatearen kontra hildako izaki bizidun batengandik datorrela ageriko egin eta haragi bilakatu arteko prozesuaren kate-begi diren hiltegietako jardunean arreta jartzea, indigestioa eragin dezakeen ariketa.
Kontzientziak astintzeaz aparte, Euskal Herriko mugimendu antiespezista eta honen baitako euskararen presentzia indartzeko helburua dauka NOR taldeak. Borroka horren baitan, Euskal Herri mailako manifestazioa deitu dute azaroaren 1ean Bilbon, zeina Moyua plazatik abiatuko den 17:00etan. Iruñea, Gasteiz, Donostia, Hendaia eta Eibarretik autobusak egongo dira.