argia.eus
INPRIMATU
Ehun legelariren manifestua: “13/13 iraganeko garaietako sumarioa da”
  • 13/13 auzian izandako irregulartasunak salatzeko manifestua argitaratu dute ehun legelarik. Bost puntutan laburbildu dituzte irregulartasun horiek eta gogorarazi dute auzipetuetako batzuek torturak salatu zituztela.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 11
13/13ko auzipetuak uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalera sartu aurretik (argazkia: Juan Karlos Izagirre)

Zuzenbidean adituak diren ehun legelari inguruk 13/13 auzian izan diren irregulartasunak salatzeko manifestua kaleratu dute ostegun goizean. Besteak beste, deitoratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean izandako auzi saioetan fiskaltzak izandako jarrera, "ETA ez da desagertu" ideia zabaldu baitu. "Horrelakorik ezin da sostengatu –azaldu dute manifestuaren lehen puntuan– ETAk duela hamar urte iragarri zuen jarduera armatuaren amaiera eta 2017an entregatu zituen armak eta ondoren desegin egin zen".

"Hamar urteren ondoren, ulertzen dugu beharrezkoa dela sabuespenezko araudia dekonstruitzea", diote testuan, eta horren barruan Auzitegi Nazionalaren jurisdizkio berezia ere bertan behera geratu beharko litzatekeela uste dute. Hala, eskatu dute zuzenbide penala modu "objektiboan" interpretatu dadila.

Auzipetuak gertakizun batengatik bi aldiz kondenatzea, ikerketa egin duten CNIko polizien gaineko kontrol falta, auzipetuen tortura salaketak, oinarrizko eskubideen urraketak... Asko dira manifestuan aipatzen diren irregulartasunak. 

Amaieran, legelariek ondorioztatu dute "13/13 iraganeko garaietako sumarioa" dela, eta auzipetuen oinarrizko eskubideak eta tutela judiziala errespetatu daitezela eskatu dute.

Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo, Julen Zelarain eta Iker Sarriegiren kontrako epaiketa uztailean hasi zen eta guztira 77 urteko espetxe zigorra eskatzen die Jose Perals fiskalak, "ETAren fronte juridikoa" osatzea egotzita. Defentsak epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuen, prozeduran irregulartasun nabarmenak zeudela argudiatuta, baina epaimahaiko buru Angela Murillok ukatu egin zuen eskaera.

Urriaren 29an egin zuten azken saioa eta fiskaltzak jarraitu du auzipetuen kontrako kartzela-zigor bera eskatzen –Julen Zelarainen kasuan izan ezik–. AVT biktimen elkarteak ere bat egin du eskaera horrekin.