Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein akademikoetatik dator. Horregatik, EHUko komunitateko parte aktibo garen ikasle, irakasle zein langileok, Boikot, Desinbertsio eta Zigorren (BDZ) nazioarteko kanpainak aspalditik proposatzen duena gure unibertsitatera ekarri nahi izan dugu: EHU konplizitate hauen kargu egin, eta lotura horietatik askatzeko. Halako kanpainak eraginkorrak izan ziren, bestea beste, Hegoafrikako apartheidaren kontra.
EHUk orain arte eman dituen aurrerapausoak epelak eta berantiarrak izan dira. Palestinako egoeraren larritasunaren eta nazioartean zein auzo eta hirietan egindako mobilizazioek bultzatu dute mugitzera: gurean, ikasleek egindako kanpaldiek, sailetan onartu ziren mozioetan edota estatuko beste unibertsitateekin batera egindako ekitaldi eta elkarretaratzeak izan dira.
EHUko Gobernu Kontseiluak apirilaren 24an adierazpen bat egin zuen. Une hartan salatu genuen bezala, adierazpen horrek termino okerretan kokatzen zuen arazoa eta adierazpenak zehaztapen gutxi zuen. Gainera, ez zuen inolako neurririk proposatzen, EHUko hornitzaile diren eta genozidioa eta apartheidean parte hartzen ari diren enpresen kasuan, eta ez zuten aintzat hartu EHU Palestina saretik horri guztiari zehaztapenak emateko batzorde bat sortzeko eskaera.
Harreman guzti hauek behatu eta zein izaera duten ezagutu eta argitara emateko batzorde garden, eraginkor eta lotesle bat eratzea proposatzen dugu. Batzorde horrek, unibertsitateko kide ezberdinak ordezkatu egin beharko lituzke, baita gai honetan lanean ari diren kideak ere. Batzordearen helburuak horrela laburbildu daitezke:
Batzordearen sorrera bultzatzeko sinadura bilketa bat abiatu genuen, besteak beste, Errektore hauteskundeetako bi hautagaitzei presio publikoa egiteko eta dagoeneko 1.000 sinadura baino gehiago jaso ditugu. Kanpainan zehar, bi hautagaitzei gure proposamena helarazi genien, batzordearen sorrera aintzat hartu eta berau posible egiteko aurrerapauso eta konpromiso eta erabaki irmoak har ditzaten.
Eva Ferreiraren hautagaitzak momentuz ez du Batzordea eratzeko konpromisorik hartu. Esan behar dugu, hautagaitza honetako kideekin izan dugula bilkura, baina egungo Errektoreak orain arte ez dela gurekin bildu, aspalditik proposatu badiogu ere. Joxerra Bengoetxearen hautagaitzak batzordea sortzeko konpromisoa hartu zuen, baina ez zuten gure proposamen osoarekin bat egin.
Arlo horretan, azpimarratu nahiko genuke, batzordeak ezin duela izan posizio anbiguoak justifikatzeko, benetako eragina izatea ezinbestekoa dela, eta ondorioz formulak bilatu beharko liratekeela batzordearen proposamen guztiak aurrera eraman daitezen.
EHU apartheid eta genozidiotik libre dagoen unibertsitatea bihurtu nahi dugu. Palestinarekiko elkartasuna eta genozidio eta okupazioaren aurkako ekintzak egitea eta instituzioek betearaztea presio kolektiboaren esku dago. Mendebaldeko herrialdeetan daude Israelek nazioartean duen konplizitatearen erantzule nagusiak eta komunitate akademikoa Israelen ekintzekiko adostasun inplizitu hau hausteko tresna bilakatu daiteke. Hauteskundeetatik aterako den errektore talde berriak batzordea eratzeko proposamenari men egiteko, ezinbestekoa da mobilizatzen jarraitzea.