argia.eus
INPRIMATU
Ehun hildakotik gora izan dira Sudanen, demokrazia eskatzeko manifestazioetan
  • Sudango Medikuen Batzorde Nagusiak salatu du 101 pertsona hil eta 326 zauritu dituztela, demokrazia eskatzeko manifestazioetan. Asteazkenean Nilo ibaitik 40 gorpu erreskatatu zituztela gehitu dute.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 07a

2019ko apiriletik herrialdea gobernatzen ari den Trantsiziorako Batzorde Militarraren aurkako manifestazioak egiten ari dira Sudango biztanleak, eta paramilitarrek bortizki erreprimitu zituzten. 101 hildako neurtu ditu Sudango Medikuen Batzorde Nagusiak, baina zifra hori handiagoa izan daitekeela baieztatu dute.

2018ko abenduan, Sudandar askok 30 urte boterean izan den Omar al-Bashir gobernutik kentzeko prozesu iraultzailea hasi zuten. Eragin zuten presioa dela eta, Omar al-Bashir diktadoreak dimisioa aurkeztu zuen, baina jeneral-talde batek hartu zuen boterea, Trantsiziorako Batzorde Militarra izeneko behin-behineko gobernua sortuz. Egoera aldatzen ez zenez, herritarrek Batzorde Militarraren aurkako manifestazio baketsuak hasi zituzten.

Greba orokorra

Manifestariak jasaten ari diren errepresioa dela eta, Aldaketa eta Askatasunerako Aliantzak desobedientzia eta greba orokorrera deitu ditu Sudango biztanle guztiak, Batzorde Militarrak uko egin arte.