Filosofiako laugarren mailan, EHUn, nahitaez ikasgairen bat gaztelaniaz hautatu behar dute ikasleek, ez baitago nahikoa ikasgai euskaraz. Gaztelaniazko ikasleek ez dute arazo hori, eta bitxia da, euskarazko ikasle gehiago dagoelako gaztelaniazkoak baino. Beste karrera batzuetan ere salatu dituzte antzeko kasuak. “Ez digute uzten jakintza gure hizkuntzan garatzen”.
Ikasgai guztiak hautazkoak dira Filosofia karrerako laugarren mailan, baina ez dago nahikoa hautazko euskaraz, kreditu guztiak osatzeko. Bai ala bai ikasgairen bat gaztelaniaz egitera derrigortuta daude euskaraz ikasi nahi dutenak, eta esanguratsua da, gaztelaniazko ikasgai horietako batzuetan izena eman duten erdia baino gehiago ikasle euskaldunak baitira.
Azalpenak eskatu ditu Aimar Jusue Filosofiako ikasleak, eta irakasleak erantzun dio ez dagoela nahikoa ikasle euskarazko ikasgai berri bat sortzeko, baina horren atzean dagoen tranpa agerian utzi du Jusuek: soilik euskarazko ikasgaiak eskainiko balituzte, nahikoa ikasle egongo litzateke, baina gaztelaniazkoak eskaintzen dituzte, badakitelako euskarazko ikasleek gaztelaniazko ikasgaietan ere emango dutela izena. Kontrakoa ez da egiten, gaztelaniazko nahikoa ikasgai ez eskaini eta gaztelaniazko ikasleek euskarazko ikasgaiekin osatu behar izatea ikasturtea, alegia ez dituzte gaztelaniazko ikasleak derrigortzen euskarazko hautagai bat hartzera.
Bi hizkuntzatan ematen den ikasgai batean, euskaraz izena eman duten ikasleak behartu dituzte gaztelaniazkoan matrikulatzera, gaztelaniazko klasea atera ahal izateko
Ez da kasu isolatua
Magisteritzan, Zuzenbidean, Medikuntzan, Gizarte Hezkuntzan… ere gertatzen dela dio Jusuek, ikasle euskaldunek momenturen batean edo bestean gaztelaniaz ikasi behar izatea. Ezagutu duen praktika bat nabarmendu digu: euskaraz eta gaztelaniaz, bi hizkuntzatan ematen den ikasgai batean, euskaraz izena eman duten ikasleak behartzea gaztelaniazkoan matrikulatzera, nahikoa ikasle egon dadin gaztelaniazko klasea atera ahal izateko. “Helburuak ez al luke izan behar euskaraz ahalik eta ikasgai eta ikasle kopuru handiena aritzea, euskarazko klasea murriztu beharrean gaztelaniaren mesedetan?”, kexu da Aimar Jusue.
“Euskaraz eta euskaratik egindako eduki eta arloak indartzea eta elikatzen jarraitzea ezinbestekoa da, kultura eta jakintza gure hizkuntzan zabaltzen segi nahi badugu”, nabarmendu du, “baina halako jarrera eta erabakiekin kontrakoa egiten dute: gure hizkuntza txikitzen goaz, euskaraz eduki gehiago sortzeko aukera murrizten. Saiatzen dira irudikatzen euskararen arazoa euskaraz ikasi nahi dugunona baino ez dela, baina EHUko kasu hauen guztien atzean injustizia epistemiko bat dago, gure hizkuntzan jakintza garatzen uzten ez diguna”.
"Saiatzen dira irudikatzen euskararen arazoa euskaraz ikasi nahi dugunona baino ez dela, baina ez dute uzten gure hizkuntzan jakintza garatzen"
IEPE euskara taldeko militantea da Jusue (Ibaetako Euskaltzaleen Plaza Euskarari), eta hezkuntza arloan dauden euskara taldeetakoren batean parte hartzera animatu ditu ikasleak. IEPEn protokolo bat sortu zuten iaz, ikasleei hizkuntza eskubideak urratzen zaizkielarik helduleku bat izan dezaten campusean, eta horrez gain, arazoa sozializatzeko eta mahai gainean jartzeko. “EHUn orokorrean arazo handi bat dugu gai honekin, eta ikasleen artean aktibazio gehiago behar dugu euskararen bueltan”.