argia.eus
INPRIMATU
EHUn eraso sexistak egiteagatik kanporatutako irakasle bat berriro kontratatzeko aukera dagoela salatu dute Donostiako campuseko feministek
  • Ohar bidez jakitera eman dutenez jada beste unibertsitateetatik eraso matxistak egin izanagatik kanporaturiko irakaslea Ibaetako campusean berriro kontratatzea baloratzeko bilera egingo dute gaur. Feministek bilerara joateko dei egin diete gainerako ikasleei.

Topatu.eus @topatu_eus 2019ko maiatzaren 17a
Argazkia: Topatu.eus.

Ibaeta campuseko ikasle feminista talde batek jakitera eman duenez, dagoeneko beste unibertsitateetatik eraso matxistak egin izanagatik kanporaturiko irakasle bat berriro kontratatzekotan dira EHUk Donostian daukan campusean. Oharrean adierazi dutenez, "Gizarte Psikologia eta Portaera zientzien metodologia sailaren eta Ikerbasqueren, Zientziarako Euskal Fundazioaren" esku legoke kontratazioa zehazki, eta maiatzaren 17an, eguerdiko 12etan lirateke hori erabakitzeko bilera egitekoak.

Feministek onartezintzat jo dute EHUk pertsona hau kontratatzeko aukera egitea, eta unibertsitatearen "kareta morea" beste behin ere agerian geratu dela adierazi dute. Gainera, prozesu hau ezkutuan eta erabakimena pertsona gutxi batzuen eskuetan soilik utzita egin dela ere salatu nahi izan dute. 

Azkenik, unibertsitate heteropatriarkalaren aurrean antolakuntza eta autodefentsa feminista aldarrikatu dituzte, eta dei egin diete gainerako ikasleei kontratazioa erabakiko den bilerara gerturatzeko.

Ez da lehen aldia

Ez da lehen aldia EHUn irakasleren baten aldetik egindako eraso matxistak salatzen direna. 2018ko martxoaren 8an Leioako campusean greba feminista egiten ari ziren hainbat neska makila batekin eraso zituen irakasle batek. Oharrean gogorarazi nahi izan dute unibertsitatearen pasibotasunari esker, pertsona horrek ere bere irakasle funtzioetan jarraitzen duela Leioako campusean.

Albiste hau Topatu.eus-ek plazaratu du. CC-BY-SA lizentziari esker ekarri dugu gurera.