Larunbatean herritarrek salatu zuten “onartezinak” direla herrian salgai dauden lurren prezioak, azken urteetan igotzen ari direnak. Esaterako, Lohixundea ondoan 2.933 metro koadroko lurrak 425.000 euroan daude salmentan. “Prezio duinak” eskatu dituzte, Aiherran bizi ahal izateko.
Aiherra ez da salgai eta Espekulazioari ez leloak zituzten pankartekin protesta egin zuten ehun bat herritarrek urtarrilaren 30ean, Aiherran, Nafarroa Beherean. Lohixundeko bideko lur batzuetan elkartu ziren manifestariak, salatzeko azken urteetan herriko lurren prezioak igotzen ari direla. Eremu horretan 2.933 metro koadro 425.000 euroan jarri dituzte salmentan, Kazeta.eus-ek argitaratu duenez. Halaber, kritikatu dute herri erdigunean 4.800 metro koadroko eremua 260.000 euroan dagoela salgai.
Arberoako ibarrean bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta horretarako “prezio duinak” eskatu, espekulazioa baztertuta. “Gure ahaletatik kanpo diren lur salmentek ondorio latzak dituzte gu eta gure ondokoentzat”, ohartarazi du protestari batek, Kazeta.eus-ek jaso duenez. Izan ere, salatu dute agentzien eta saltzaileen espekulazioak etxebizitza eskubidea oztopatzen duela, eta zenbait arazo aipatu dituzte: gazteak herritik kanpo joan behar izatea, prezio altuengatik mailegu luzeetan zorpetzea edota Aiherrako etxeak bigarren etxebizitza bilakatzea, herritarrek eurek ezin dituztelako erosi.
Herritarrek espekulazioaren aurkako borrokan segiko dute, eta datorren hitzordua Denen Etxea egoitzan antolatu dute, otsailaren 12rako.