argia.eus
INPRIMATU
EHUko talde bat elkarlanean dabil genozidioarekin lotutako institutu israeldar batekin
  • Ahoztar Zelaietaren ikerketa batek argitu du EHUk lotura duela palestinarren etxeak botatzeko erabiltzen diren ‘bulldozerrak’ garatu dituen institutuarekin. Unibertsitate publikoak apirila bukaeran esan zuen harremanak etengo zituela Palestinako sarraskia espreski arbuiatzen ez duten erakundeekin.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 30
Israeli boikot egitearen aldeko mezuak Leioako campusean.

Quench izeneko hitzarmenak batzen ditu Euskal Herriko Unibertsitatea eta Israel Institute of Technology, estatu sionistako sare militar-industrialean garrantzia handia duen ikerketa gunea, Ahoztar Zelaietaren esanetan. El Salto hedabidean idatzi duenez, Espainiako Gobernuari “borrokan frogatutako” armak saltzen dizkion enpresa israeldar batekin hitzarmenak sinatu dituzte Teknikerrek eta Tecnaliak, EHUko kide den bi erakundek.

EHUk apirilean publikoki adierazi zuen harremanak hautsiko zituela Israelgo unibertsitate eta erakundeekin, ez bazituzten “espreski arbuiatzen Palestinan jasaten ari diren giza eskubideen urraketak”. Gainera, Zibersegurtasunari buruzko katedra bat behin-behinean eten zuen, bertan parte hartzen zutelako Tel Aviveko Unibertsitateak eta armada sionistarekin loturak zituen aditu batek. Hala ere, Zelaietak azaldu duenez, ez ditu harremanak guztiz eten, eta elkarlanean jarraitzen dute euskal ikerketa taldeek eta Israelgoek.

Tecnaliak EHU, Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kide ditu, besteak beste. Quench proiektu europarra da, erresonantzia magnetiko nuklearra ikertzen duena, eta bertan parte hartzen dute EHUk eta Tecnaliak 2024ko urtarrilaren 1etik. Quench proiektuan parte hartzen du Technion Research and Development fundazioak eta Israelgo Teknologia Institutuak ere bai. Zelaietaren arabera, erakunde israeldar hauek garrantzia handia dute sionisten sare industrial-militarrean.

Technion enpresak garatu ditu, El Salto hedabidearen esanetan, Palestinan etxeak erausteko erabili diren ‘bulldozerrak’, urruneko kontrolarekin dabiltzan hondeamakinak. Azaldu dutenez, gainera, militar sionistentzako ikasketa programak ditu Technionek eta lotura estua du Elbit Systems taldearekin. Azken honek saltzen dizkio Espainiako Defentsa Ministerioari Gazan “borrokan frogatutako” armak. Droneak eta mortero sistemak, besteak beste, Kataluniako behatoki batek ohartarazi zuenez.

EHUko teknologia kuantikoen ikerketa talde bat dago Quench proiektuan sartuta, erresonantzia magnetiko nuklearraren eremuan ikertzen ari dena. EHUk adierazi du, El Saltoren galderei erantzunda, ikerketa talde asko dituela mundu osoko unibertsitateekin elkarlanean aritzen direnak. Unibertsitate publikoak zehaztu duenez, talde horietako askok nazioarteko finantzazioa jasotzen dute, baina “finantzazioa jasotzeak ez du esan nahi finantzatutako gainerako unibertsitateekin harreman zuzen eta borondatezkoak garatzen direnik”. Beraz, haien esanetan EHUk ez du apurtu sionistekin harremanak eteteari buruzko erabakia.