Eva Ferreira EHUko errektoreak eta Federico Recart Irakasle eta Ikerketako errektoreordeak adierazi dute unibertsitate lege berriak dioela ordezkoak irakaskuntza lanetarako soilik kontratatu daitezkeela.
EHUko irakasleen eta ordezkoen gatazkaren harira, aurreko astean adierazpenak egin zituzten Federico Recart Irakasle eta Ikerketako errektoreordeak eta Eva Ferreira errektoreak. EHUko Prekarioen Koordinadorak adierazpen "larri eta difamatzaileen" aurrean prentsa oharra kaleratu du.
Recartek azaldu zuen LOSU unibertsitate lege berriaren 80.1 artikuluak dioela ordezkoak irakaskuntza lanetarako soilik kontratatu daitezkeela, eta, ondorioz, ezin direla lanaldi osoko kontratuak eskaini. Kontratu horiek gehienez 800 euroko ordainsaria dute.
Koordinadorak, ordea, legearen irakurketa "murriztaile eta maltzurra" egitea egotzi dio errektoretza-taldeari, "badakielako legeak ordezko kolektiboari ikerketa ere ordaintzeko aukera ematen diola". Legearen aplikazio horrek irakasle horien jarraipena "bideraezin" bihurtu duela salatu dute, eta horrek enplegu egonkorra duten langileen lan-kargan eta ikasleek jasotzen duten irakaskuntzaren kalitatean eragiten duela: "Arazo horiek larriagotzen ari dira ikasturte hasiera honetan".
Koordinadoraren arabera, ordezkoek ikertu eta ikerketa horren emaitzak ikasgeletara eraman ohi dituzte. Gainera, euren karrera akademikoan aurrera egiteko ikertu egin behar dute. "Errektoretza taldearen asmoa da ikerketa gure poltsikoaren kontura egitea, aisialdi dinamika gisa eta denbora libre gutxirekin".
Recartek adierazi du orain arte ere horrela egin izan dela, eta lanaldi partzialak bateragarriak direla beste kontratu batzuekin. Ordezkoek adierazi dute prekarietatea EHUren "gaitz endemikoa" dela, baina LOSUren "aplikazio interesatuak" larriagotu egin duela prekarizatuta dauden zenbait kolektiboren egoera.
Recartek sindikatuekin eta koordinadorarekin negoziatzeko prest daudela adierazi zuen. Prentsa oharrean, koordinadorak errektoretzari egoera konpontzeko neurriak hartzeko eskatu dio. Bestalde, sindikatuei hurrengo hilabeteetako mobilizazio- eta greba-egutegiak zabaltzeko deia luzatu diete.