EHUk Unibertsitateko Lege berria "bere interesen arabera" interpretatu duela salatu dute, eta ondorioz lanaldi osoko kontratu asko lanaldi partzial bihurtuko dituela, hilean 800 euroko soldata ordainduta.
Asteazkenean izan da EHUren ikasturte hasierako ekitaldia, Gasteizen. Bertan izan dira, besteak beste, Eva Ferreira EHUko errektorea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Ekitaldiaren beste aldean, ordea, dozenaka lagunek protesta egin dute EHUko "prekarietatearen" aurka.
Martxoan Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (USLO) onartu zen. Legearen 80. artikuluaren arabera, printzipioz ordezko irakasleak ez dira arituko jardunaldi osoan, eta soldata ere murriztuko zaie. Hori horrela, hilabetean 800 eurorengatik urteak iraun dezakeen plaza bat ordezkatzea espero da, EHUko 1.142 irakaslek eta ikerlarik sinatutako artikuluan azaldu dutenez. EHUko Prekarioak Koordinadorako kide Jon Azkunek ARGIAn egindako elkarrizketan salatu du EHUk "bere interesen arabera" interpretatu duela legea.
Koordinadorak egin du elkarretaratzea, LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuekin batera. Lau eskakizun plazaratu dituzte. Alde batetik, lanaldi osoko irakasleen eta ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak lanaldi osoko kontratuekin betetzea. Horrez gain, lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea eta kontratu horiei soldata duina ezartzea. Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote EHUri babes-politiko juridikoa eskaintzeko, USLOk ezarritako irakasleen irudi berria aurreko baldintzen arabera interpretatu ahal izateko.
Sindikatuek asteazkenean aurreratu dutenez, mobilizazioak egingo dituzte. Azkunek ere elkarrizketan aurreratu zuen "gauzak aldatu ezean", greba egongo dela.