argia.eus
INPRIMATU
EHUko Klaustroaren gehiengoak eskatu du unibertsitateak Israelekin duen harreman oro eteteko
  • EHUko hainbat klaustrokide, irakasle-ikertzaile, ikasle zein TEKAZEL kolektiboaren langileek sustatu dute ekimena. EHUko kideen ordezkaritza organo gorenean parte hartzen duten 240 kideen artean, gehiengoaren babesa lortu dute.

Axier Lopez @axierL 2024ko otsailaren 29a

240 klaustrokideen artean banatu eta gehiengoak, 128 lagunek, sinatu duen testuan halaxe diote: "Israelen genozidioaren aurrean, ez zaigu onargarria iruditzen unibertsitateen partetik, eta, gure kasuan, EHUren partetik, dagoen isiltasuna".

30.000 hildako –horietako %40 baino gehiago haurrak–, milaka desagertu, ia 100.000 zauritu, populazioaren gehiengoari etxebizitza birrindu diote eta, ekimenaren sustatzaileek gogorarazi dutenez, Gazako unibertsitate sistema erabat suntsitu dute.

Horri aurre egiteko, EHUko komunitateak egin dezakeen "ekarpenik eraginkorrena" instituzio gisa "mantentzen duen isiltasunaren aurrean" rol aktiboa hartzea dela diote. Horregatik EHUko Klaustroko kideen gehiengoak EHUko zuzendaritzari eskatu dio Israelgo Estatuaren instituzio, enpresa, unibertsitate eta ikerketa zentroekin harremanik ez izatea. Palestinarrek beraiek hala eskatu dutelako hartu dute bide hau, BDS –Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak–,  eta PACBI- Israelekiko Akademia eta Kultura Boikoterako kanpainak kasu.

Klaustroen eskumenen artean halako erabakiak hartzea ez dagoen arren, "EHUko komunitatearen ordezkariak garen heinean" eskari hori egin diote EHUko zuzendaritzari. Orain ikusteko dago Eva Ferreira Garciak zuzentzen duen taldeak zer bide egingo dion.

Bozkatzeko debekua

Unibertsitateko kideen ordezkaritzarako organo gorena da klaustroa. Errektore nagusiak, idazkari nagusiak, gerenteak eta unibertsitateko sektore guztietako 240 kidek osatutakoa da. Klaustroak ez dauka eskumenik unibertsitateak zein erakunderekin harremanetan izan dezakeen erabakitzeko, hori zuzendaritzaren erabakia da. Horregatik sustatzaileak eskaera gisa planteatu dute: klaustroaren gehiengoak zuzendaritzari eskatu dio Israelekin harreman oro eteteko.

Edonola ere, ekimenaren bultzatzaileek salatu dute zuzendaritzak ukatu egin diela Klaustroko bileran proposamena eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukera, eta horregatik klaustrokideei banan-banan helarazi behar izan diete proposamena haien atxikimendua adierazteko. Adierazi digutenez, bileran gaia azaldu, eztabaidatzea eta ondoren bozkatzea litzateke “biderik logiko eta zuzenena”, baina bide hori ukatu egin diete eta parte-hartzea mugatu. Otsailaren 27ko bileran proposamena azaltzeko bost minutu eman die zuzendaritza taldeak, baina ondoren eztabaida eta bozketarik gabe.

Urrian, Israel eta Palestina maila berean

Urriaren 7an Israelek sarraskia abiatu eta bi astetara, EHUk "gorakada belikoa" gaitzetsi zuen eta elkartasuna adierazi zien "Israel eta Palestinako unibertsitate eta zientzia komunitateei". Espainiako Estatuko unibertsitateek osatzen duten CRUE sarearen idazki horretan, palestinarrek eta israeldarrek bizi izandakoa maila berean kokatu zuten, eta "gatazka" hori eta beste guztiak konpontzeko, "elkarrizketa eta negoziazioa" azpimarratu zituzten.