Egoera juridikoki aztertu ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak erabaki du Zuzenbide Fakultatearen Bizkaiko Ataleko irakaslea lanpostutik kentzeko prozesua martxan jartzea. Irailaren 27an hasi ziren irakaslearen aurkako salaketak. Orduztik ehundaka izan dira auzi honen aurka eta irakaslearen berehalako kanporaketaren alde mobilizatu diren ikasleak.
Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloan zehaztutako prozedura ireki ondoren eta prozesua amaitu bitartean, irakasleak eskolarik ez ematea erabaki zuen EHUk astelehenean. Kautelazko neurri gisa hartutako erabakiak, Zuzenbide Fakultateko irakasleari, irakaskuntza lanak bertan behera uztea exijitu zion, gutxienez astebeteko tartean. Ostegun goizean unibertsitateak hedabideetara bidali duen oharrean adierazi du irakaslea kanporatzeko prozesua martxan dela jada.
Joan den irailaren 30ean, ikasle protestek irmoki jarraitu zuten Zuzenbide Fakultatean, batzar ireki bat eta elkarretaratze jendetsu bat antolatu ziren. Bertan eginiko irakurketan ikasleek argi azaldu zuten, ezin direla onartu ''kolektibo ahulenei, langile klaseari edo emakumen aurkako ideiak zabaltzen dituzten faxistak”.
Hainbat izan dira Alvaro Sanchezek, irakasleak, protesta egun hauetan zehar ikasleak gutxiesteko zabaldu dituen mezuak. Hala nola, irailaren 27an, lehenengo mobilizazioa burutu zen egunean, Sanchezek sare sozialen bidez ''me aburro'' edo ''me suda toda la polla'' bezalako komentarioak partekatu zituen. Mota honetako eratzunek bere horretan jarraitu dute gaur ere. "Hedabideetan irakurri dut EHUk ez duela nirekin kontatzen –idatzi du sare sozialetan–. Bazter guztietatik negarrez ari naiz... gauean ez dut lorik egingo... Ezta Salamancako Unibertsitate loriatsutik bota banindute ere".