Asteazkena da lehen greba eguna: irakasle eta ikertzaileak daude deituta. Martxoaren 12rako ere berriz egin dute deia: EHUko langile guztientzat da hura. Irakasle eta ikertzaileen “prekarizazioaren” kontra egin nahi dute protesta.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek egin dute grebarako deia, irakasle ikertzaileen “prekarizazioa” salatzeko. Gaur goizean piketeak egin dituzte, hiriburuetan berriz, 11.30ean protestak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza ordezkaritzen parean elkartu dira Bilbon eta Donostian; Gasteizen, errektoreordetzan.
Aldarrikapen nagusiak ondokoak dira: irakasle ordezkoen “prekarizazioa” amaitzea, langileen erosahalmena berreskuratzea, lan zama apaltzea eta EHUren finantzaketa handitzea. Salatu dute, besteak beste, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (LOSU) indarrean sartu zenetik ordezko irakasleei ez zaiela osoko jarduna aitortzen, eta “miseriazko soldatak” ordaintzen dizkietela.
EHUko Prekarioen Koordinakundeak atxikimendu kanpaina bultzatu du grebaren harira: “Lau egun eskasean EHUko ia 400 irakasle eta ikertzaileren babesa jaso du”. "Unibertsitateko arduradunek legeaz egindako irakurketa murriztailearen ondorioz, ordezko irakasleak gehienezko 800 euroko soldata batekin gelditu dira”, adierazi dute.
Irakasle egonkorren irakaskuntza "zama” handitu egin dela esan dute, eta horri konponbiderik ez zaiola jarri; adierazi dute, halaber, ordezkapen poltsak “agortu” egin direla, soldata apalak onartzeko prest ez dauden langileak uko egiten ari baitzaizkie lanean jarduteko bide horiei. Kritiko mintzatu dira, eta adierazi egon direla irakasle ordezkoen lan baldintzak hobetzeko proposamenak, baina ezezkoa jaso dutela beti. “Errektoretzaren aldetik aldatu den gauza bakarra kanpora begira mantendu nahi izan duen irudia da”.
“Errektoretzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu itxikeria atzean utz dezatela eta ireki daitezela irakasle ordezkoen aferari eta unibertsitatean dauden beste gabezia batzuei buelta emateko balio dezaketen konponbideak negoziatzera”, esan dute.