Performance bateratua egin dute Ernai eta LABek EHUren Bizkaia Aretoaren parean. Euskal Herriko Unibertsitateak ikasleen e-postak Microsoft Office 365era migratu nahi dituela eta horrek ikasleen pribatutasuna kolokan jartzen duela salatu dute besteak beste.
Ernaik eta LABek performancea egin dute Euskal Herriko Unibertsitatearen pribatizazioa salatzeko, “oso larria da” gaineratu dute. EHUk ikasleen e-postak Microsoft enpresara migratzea erabaki du. Horrek hainbat ondorio dakartzala salatu dute bi taldeek: EHUko zerbitzuen pribatizazioa areagotu egingo da, ikasleen eta langileen menpekotasun teknologikoa ekarriko du eta ikasleen pribatutasuna urratu egiten da.
Bi taldeek adierazpen bat kaleratu dute, EHUren egitasmoa salatzeko. Bertan adierazi dute, ikasleen pribatutasuna urratzea dela lehen urratsa eta bigarrena langileen pribatutasuna urratzea, hurrengo pausua haien kontuen migratzea delako. Bi taldeek jakinarazi dute, informazioa Microsoft enpresari luzatzean EHUko plataformetan dagoen “lan-kudeaketari eta ikerketari lotutako informazioa” ere migratuko dutela. EHUren menpekotasuna sortuko lukeela adierazi dute, eta atzera buelta “ia ezinezkoa” bilakatuko litzatekeela.
Isilpean eta kontrakarrean dabiltza
2020an eman zuen EHUk bere asmoen berri. Urte horretan bertan aurkeztu zuen Eva Ferreirok, gaur egungo EHUko errektoreak, bere hautagaitza. Orduan esan zuen: “Ez dugu asmorik inor behartzeko Microsoft erabiltzera, beste aukera batzuk ere badaude”. LABek salatu zuen ordea, Ferreirok esandakoaren kontrakoa egingo duela EHUk eta O365 proiektua alde batera uztea eskatu diote EHUri.
Alemaniako Baden-Württemberg estatuan ordea kontrako bidetik jo dute, iametzaren blogean argitaratu dutenez. Eskoletan ohikoa den Microsoft 365 erabiltzea debekatuko du. Aurretik datuen babesa bermatzeko “Microsoften produktuen ezaugarri zalantzazkoenak“ desaktibatu zituzten eta segurtasun neurri gehigarriak hartu. Ez zuten ezer askorik lortu ordea eta horregatik udazkenetik aurrera pribatutasuna errespetatzen duten tresna libreak erabiliko dituzte.
Ernaik eta LABek salatu dutenez, EHUk ikasle eta langileen datuak migratzeko proiektuaren berri eman zuen arren, ez da orain dela gutxi arte jakin ikasturte berrirako martxan jarriko denik. Uztailaren 18an hasiko da EHU datorren kurtsorako matrikulak egiten, eta ordutik aurrera behartuko dituzte ikasleak Microsoft kontua edukitzera. Izan ere, matrikula egitean, automatikoki gauzatuko da. Taldeek adierazi dutenez EHU azken moldaketa teknikoak egiten ari da proiektua martxan jartzeko.