argia.eus
INPRIMATU
EHU-ko hauteskundeak
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko
  • Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako jardunbide irregularrak ikertzeko".

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko azaroaren 25
Joxerra Bengoetxea, hautagaitza taldeko kideekin. @BengoetxeaEHU

Hauteskunde Batzordeari, Etika Batzordeari eta Aldezleari egin die eskaera Bengoetxearen Denon Artean hautagaitzak. Ikasleen Kontseiluak egindako salaketa du hizpide oharrak: "Ferreiraren hautagaitzako pertsonak ikasgela batzuetatik igaro dira ikasleen botoa eskatzeko, gezur edo praktika maltzurren bidez. Beste hautagaitza ideologia politiko jakinekoa dela eta Bengoetxeak irabazten badu gaztelaniazko graduak eta masterrak desagertuko direla esan dute, baita gaztelaniazko Esperientzia Gelak ere".

Denon Artean taldeak "zalantzan" jarri du jarduera akademikoa etetea botoa eskatzeko; hauteskunde-araudiak jasotzen duenez "Ikasleen Kontseiluak soilik" egin dezakeelako, "behin bakarrik, parte-hartzea sustatzeko". Era berean, hauteskundeak baino lau egun lehenago Ferreiraren hautagaitzako kide den errektoreorde batek mezu masiboa bidali izana –Bengoetxearen hautagaitzaren programaren barruan dagoen zerbitzu bat martxan jarriz– salatu du Denon Arteanek: "Kutsu elektoralista argia du, eta erabat debekatuta dago edozein hauteskunde-prozesutan". Gertakari horiek Ferreira buru duen hautagaitzaren "jarrera desegokia" adierazten dutela diote, eta kode etikoa "urratu" dela.

Iñigo Ugedo (Ikasleen Kontseilua): "Kontu batzuen aurrean, ezin naiz isilik geratu"

"Ikasle Kontseilua eta ni neutraltasuna mantentzen saiatu gara kanpaina osoan, baina gauza batzuen aurrean ezin naiz isilik geratu", zioen Kontseiluko presidente Iñigo Ugedok, larunbatean (hilak 23) zabaldutako mezuan. "Azken egunetan gezurrak eta ikasleen salaketak iritsi zaizkigu hainbat bidetatik. Gainera, badakigu irakasle batzuek idazkaritzetara eraman dituztela beren ikasleak, eta hautagaitza zehatz bati botoa ematea iradoki dietela".

Ugedok salatu du hautagaitza batetik besteari buruz "gezurrak" esaten ari direla, "nahita, botoan eragiteko asmoarekin". Dioenez, ez da gertakari bakan bat izan, baizik eta "behin eta berriro" gertatu dela: "Horrelako gertaerak lotsagarri eta onartezinak dira, edozein testuingurutan, eta are gehiago hauteskunde batzuetan".
 
Egoera nahasiak badu protagonista gehiago, ordea. Izan ere, duela bi aste jakin zen EHUko errektoreordeak kontu anonimo bat baliatzen zuela beste hautagaitza taldea iraintzeko. Modu iraingarri eta mespretxagarrian, komunismoari loturiko ustezko atxikipen-politikoak egozten zizkion, besteak beste, Guillermo Quindós egungo errektoreordeak eta Eva Ferreiraren hautagaitza zerrendan dagoen kideak hauteskundeetara aurkeztuko den beste taldeari, Joxerramon Bengoetxea buru duenari.