argia.eus
INPRIMATU
EHUko errektoretzarako bozak gaur, kritika eta protesta artean
  • Nekane Balluerka EHUko errektore izateko hautagai bakarraren alde botoa eman edo ez erabaki beharko dute gaur ikasle, irakasle eta langileek. Leioan mobilizazio jendetsua antolatu dute 12:00etan.

ARGIA @argia 2016ko azaroaren 24a

Aldeko botoa, zuria edo abstentzioa, horiek dira EHUko komunitateko 47.000 lagunek gaur egin beharko duten hautua. Iñaki Goirizelaia orain arteko errektorearen taldekoa izan den Nekane Balluerka soilik aurkeztu da errektoregai hauteskundeotan, hainbat sektore eta ildo politikoko jenderen babesa lortu du gainera. Beraz, ezusterik ezean, berak gidatuko du unibertsitate publikoa datozen urteetan.

Alabaina, ikasle mugimenduak kritika zorrotzak egin dizkio, ez soilik hautagaitzari, baita eta EHUren unibertsitate ereduari oro har ere. Hain zuzen, gaur 12:00etan mobilizazio jendetsua eta protesta giroa espero da Leioako campusean.

Goirizelaiak segurtasun neurri bereziak iragarri ditu, azken asteotan eta errektoretzarako hauteskundeen kanpainan ikasleek bultzatu duten boikota dela-eta. Zentzu horretan, Ernai gazte antolakundeak salatu du eztabaida "kriminalizatu eta desitxuratu" nahi izatea eta prozesuan ez direla aintzat hartu ikasleen aldarriak eta eskaerak.

Bozketa goizeko 09:00etan hasiko da eta arratsaldeko 18:00etan itxiko dira hautestontziak.