argia.eus
INPRIMATU
EHUko errektoreordeak kontu anonimo bat erabiltzen zuen beste hautagaitza taldea iraintzeko
  • Modu iraingarri eta mespretxagarrian, komunismoari loturiko ustezko atxikipen-politikoak egozten zizkion, besteak beste, Guillermo Quindós egungo errektoreordeak eta Eva Ferreiraren hautagaitza zerrendan dagoen kideak hauteskundeetara aurkeztuko den beste taldeari, Joxerramon Bengoetxea buru duenari.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko azaroaren 12a
Guillermo Quindos, EHUko errektoreordea eta mezu iraingarrien egilea, kontu faltsu eta anonimo bidez. EHU

Informatikako ikasle batek pasatu zion informazioa Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoretzarako hautagaiaren taldeari. "Erraza" izan da datuen berrestea, Bengoetxeak berak jakinarazi duenez, antza, Guillermo Quindos beraren telefono pertsonala eta helbide elektronikoa zeudelako kontuari atxikita. Bengoetxeak eskerrak eman dizkio informatikako ikasle horri, eta "balorean" jarri du "EHUn dugun talentua". Talentutsua ez da izan, beraz, EHUren errektoreorde eta Eva Ferreiraren hautagaitza zerrenda berrian orain arte zegoen Quindosen jardunbide ezkutua.

Sare sozial batean troll kontua sortua zuen Quindosek, faltsua eta anonimoa, Bengoetxea eta haren taldea iraintzeko eta difamatzeko helburuz. Besteak beste, Bengoetxearen taldeko zenbait norbanako "komunismoari" lotzen zituen, pentsamendu hori kritikatu eta horri loturiko ustezko atxikipen-politikoak seinalatzen zituen, eskuin muturrak mundu mailan sarean egin ohi duen gisan. Horixe egiten aritu da Zientzia eta Gizarte Garapenerako eta Transferentziaren arloko errektoreordea, Mikrobiologian katedraduna ere badena.

Dimisioa, berehala; baina ez isilik

Joxerramon Bengoetxeak berak egin du jakinarazpena, salaketa, EHUren klaustroak astelehen goizean egin duen ezohiko bileran. Hautagaiek euren programa eta taldea aurkezteko unea zuten, joan den ostiralean hasi baitzen, ofizialki, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarako hauteskunde kanpaina –azaroaren 26an egingo dira hauteskundeak–. Bada, hautagaitza-taldeak erakusteko modurik argiena horixe izan da, bistan denez.

Bengoetxeak hori esan duenean, Eva Ferreira egungo errektore eta beste hautagaiak bere taldea batzartu du eta exijitu egin dio dimisioa Quindosi. Halaxe egin du segituan. Dena dela, eta oraingoan aurpegia emanda izan bada ere, ez da isilik geratu eta ez zaio aurpegia falta izan: mezuak "testuinguru pertsonal" batean zabaldu zituela esan du, "irismen murritzarekin", beste hautagaitza-taldearen irudian "eragiteko asmorik gabe". Hori esanda, "barkamena" eskatu du gero.

Bengoetxeak, sareetan, aurrerantzean "kanpaina garbia" izan dadin eskatu du, "joko zikina" izan baita orain artekoa. Eta, horrez gain, elkartasuna adierazi dio Ferreiraren taldeari, momentuok "desatseginak" izango direlakoan.

Bengoetxea, kanpainaz "kezkatuta"

Salaketa egitearekin batera, Bengoetxeak esan du "kezkatuta" dagoela Ferreiraren taldeak kanpaina egiteko darabilen moduarekin. Izan ere, kexak egin ditu beste hainbat alorretan: esaterako, hautagaien arteko eztabaida foroari dagokionean. EITBk proposatu du telebistan eztabaida saioak antolatzea, baina Ferreirak esan du soilik Radio Euskadin hartuko duela parte, gaztelera hutsean. Zuzeu.eus-en eman du horren berri Irati Agirreazkuenaga EHUko irakasleak eta Multimedia Komunikazioaren Masterreko zuzendariak, zeina Bengoetxearen taldean dagoen.

Horrez gain, Ikasle Kontseiluari ere "zailtasunak" ipini dizkiote eztabaida antolatzeko. Azkenean, baina, egingo da. Hala ere, Bengoetxearen taldearentzat "ulergaitza" da ikasleen parte-hartzeari horrelako oztopoak ipintzea, besteak beste, aintzat hartuta aurreko hauteskundeetan ikasleen %2ak soilik hartu zuela parte.

Gorroto mezuak EHUko karguetan

Hilabete eskas pasatu da gorroto mezuak, diskriminatzaileak eta matxistak zabaltzen zituen EHUko Zuzenbide fakultateko irakasle haren aurkako protesta oldea gertatu zenetik. Alvaro Sánchez Hernández eskolak ematera joan zen irailaren 27ko goizean, eta hainbat ikaslek protesta egin zuten, ez zutelako nahi sarean mezu faxistak zabaltzen zituen irakasle horrek klaseak ematea. Azkenean, irakaslea unibertsitateko segurtasun indarrek babestuta atera zen fakultatetik.

Leioatik! unibertsitateko ikasleen hedabideak jakinarazi zuen ideia faxistak sareen bidez zabaltzen zituen irakasle bat eskolak ematen ari zela Leioako Zuzenbide Fakultatean. Irakasleak Falange Española de las JONS eta mezu faxistak zabaltzen dituen Santiago Armesillaren argitalpenak hedatu zituen, baita mezu matxistak, homofoboak eta Francoren aldekoak ere. EHUk kaleratu egin zuen azkenean.