Irakasle batek ikasleei zakila erakutsi ziela jakinarazi dute UIBk eta Arrakala emakumeen taldeak. Eraso sexistaz gain, EHUk "unibertsitatearen irudia ez zikintzearren" gertakaria ezkutatu izana ere salatu dute.
EHUren Gipuzkoako Campuseko Arrakala emakumeen taldeak eta UIB Unibertsitateko Indar Batasunak irakasle batek egindako sexu erasoa salatu dute, sare sozialetan hedatutako bideo bidez. Bertan azaldu dutenez, erasoa urriaren 4an jazo zen, Arkitektura Goi Eskola Teknikoan; irakasleak "ikasleei zakila bortizki erakutsi" zien. Gehitu dutenez, ez da irakasleak ikasleei eraso egiten dien lehen aldia, nahiz eta eraso horien inguruko informazio gehiago eman ez duten.
Irakasleak normaltasunez klaseak ematen jarraitu duela ikusirik, gertakaria publikoki salatzea erabaki dute bi eragileek. "Gertaera hau bi aste beranduago salatzen ari bagara, EHUk honen inguruan informaziorik eman ez duelako da. Unibertsitatearen irudia ez zikintzearren, larritasun handiko eraso hau ezkutatu dute", adierazi dute.
Zentzu horretan, "EHUren organo zein berdintasun politiken itxurakeria" salatu dute, "horrelako erasoen aurrean argi geratzen delako azken urteetan bultzaturiko politikek ez dituztela baldintza errealak jartzen unibertsitatean erasoak eman ez daitezen".
EHUn eraso sexista bat eman da!!!
Urriaren 4an Ibaetako Arkitektura fakultateko irakasle batek ikasleen aurkako eraso sexista bat burutu zuen, ikasleei zakila ateraz. Irakasleak normaltasun osoz klaseak ematen jarraitzen du.
UIB eta Arrakalatik eraso hau salatzen dugu!!! pic.twitter.com/4W0rXr3dGY
— ARRAKALA (@arrakalataldea) October 22, 2021