argia.eus
INPRIMATU
EHUk matrikula ordaindu ezin dutenentzako funtsa sortzeko asmoa du
  • EHUko Gobernu Kontseiluak adierazi du funts ekonomiko bat sortu nahi duela bere aurrekontu planaren barruan. Krisiaren eraginez ikasleek matrikula ordaindu ezin duten kasuetan, bertatik ordaindu eta gastuak estali ahal izango dira.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 26a
Gizarte Funtsa sortuko du EHUk.

Kontseiluak ohar batean adierazi duenez, “Gizarte Funtsa” izena jarri diote proiektuari, eta graduetako, lehenengo eta bigarren zikloetako ikasle guztiei eskainiko zaie.

Eskaintza honekin batera, orain arte indarrean zegoen beste klausula bat kendu dute: matrikula osoa edota erdia denbora epe jakin batean ez ordaintzeagatik bertan behera uztearena.

EHUko erretore Iñaki Goirizelaiak neurri hauek “beharrezkoak” zirela adierazi du. “Zailtasun ekonomikoak bizi dituzten pertsonak arriskuan jar zitzakeen klausula kentzea beharrezko ikusten genuen, baita Gizarte Funtsa sortzea ere”.

“Betidanik defendatu dut goi mailako ikasketak jasotzeko baliabide ekonomikoak baldintza nagusi ez izatea; eta bizi dugun krisi egoera honetan, horrek gizarte erakunde guztien konpromisoa eskatzen du, baita Unibertsitatearena ere”, gaineratu du Goirizelaiak.