Hainbat lagun elkartu da ekainaren 19ko goizean EHUko Gipuzkoako errektoreordetzaren egoitzan, Ibaetan EHUk CAFekin dituen harremanak eten ditzala eskatzeko. Gipuzkoako campuseko errektoreorde Agustin Erkizia Olaizolak adierazi die EHUk ez duela akordio berririk sinatuko CAF enpresarekin, horrek, Jerusalemgo tren arinaren proiektua bertan behera utzi arte.
Euskal Herriko CAF multinazionala Jerusalemgo tranbiaren eraikuntza garatzen ari da nazioarteko araudiak urratuta. Palestinarrei lapurtutako lurrak dira eta CAFi esker sionisten koloniak hobeto komunikatuko eta finkatuko dira. Hori ezaguna da aspalditik eta Euskal Herrian dozenaka protesta piztu ditu proiektuak, eta nazioarteko kanpaina baten jo-puntua da. Halere, hori ez da arazoa izan EAEko unibertsitate publikoarentzat negozioaren izenean giza eskubideak urratzen dituen multinazionalarekin hainbat proiektu elkarlanean abiatzeko.
CAF eta EHUren arteko elkarlan nagusia Bilboko Ingeniaritza eskolan duten EHU-CAF unibertsitate-enpresa gela da. Hortik bideratzen dituzte gradu eta master amaierako lanak, doktore tesiak, hezkuntza-ikastaroak, mintegiak, jardunaldiak, praktikaldiak eta beste.
Gipuzkoan ez, baina Bizkaian?
Palestinan giza eskubideak errespetatzen ez dituzten eragileekin harremanak etengo zituztela erabaki zuen EHUko Gobernu kontseiluak apirilean. Baina Bilboko ingeniaritza eskolan duenaren pareko akordio bat sinatzeko asmoa agertu du EHUko Ibaetako gobernu batzordeak, Gipuzkoan ere CAF Gune bat sortzeko. Ekainaren 19an Gipuzkoako Campuseko batzordearen bileran proposamen hori lantzeko asmoa zuten hasiera batean eta horregatik, Gipuzkoako BDZ mugimenduak eta EHU Palestina taldeak deituta, hainbat lagun elkartu da egoitzaren aurrean "EHU: CAFekin akordiorik ez! Israeli Boikota" lelopean.
Azkenean ez dute proposamena bileran landu, baina elkarretaratzea amaituta, Ibaetako errektoreorde Agustin Erkizia Olaizolak adierazi die EHUk ez duela akordio berririk sinatuko CAF enpresarekin, horrek, Jerusalemgo tren arinaren proiektuan jarraitzen duen bitartean. BDZ taldeko kideek albiste baikorra dela azpimarratu dute, eta Gipuzkoako Errektoreordetzaren "erabakia txalotu" eta EHUko Errektoretzari exijitu diote Bilboko Ingeniaritza Eskolan duen ituna bertan behera uzteko, baita AXA zein HP enpresekin dituzten harremanak eteteko.