argia.eus
INPRIMATU
EHUk ez dio laguntza jarri nahi garun-paralisia duen ikasle bati, graduondoa “ez dela ofiziala” esanez
  • Noelia Da Costa Reviriego gasteiztarrak garun-paralisia du eta unibertsitatean laguntzaile bat behar du komunera joan, berokia erantzi edota ordenagailua mahaian jartzeko. EHUk, ordea, ukatu egin dio laguntzailea, egiten ari den graduondoko masterra ofiziala ez dela argudiatuta. Aldiz, masterra ofiziala dela dio berau ematen duen fakultateak. Bitartean, Da Costaren amak lau ordu igarotzen ditu fakultateko pasilloan, “laguntza eskatuz noiz deituko diodan zain”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urriaren 13a

Zehazki, tetraparesia espastika du 26 urteko gasteiztarrak, besoei eta hankei eragiten dien gaitza. Gurpildun aulki elektrikoan mugitzen da eta bere ibilbide akademikoan laguntzaile bat izan du beti ondoan (Hezkuntzan Laguntzeko Teknikari Espezialista deitua). Duela lau urte Gizarte Lan Ikasketen graduan onartu zutenean ere, hala eskatu zuen ezgaitasuna duten pertsonen arretarako EHUren zerbitzuan, eta baietz erantzun zioten arren, ikasturtea bakarrik hasi zuen: “Esan zidaten ez zutela inor lan poltsan eta bitartean ikaskideek lagunduko zidatela komunera joaten; ez nuen inor ezagutzen eta egoera deserosoa bizi izan nuen, astez aste luzatzen joan zena, harik eta dekanotzara eskutitza bidali eta sare sozialetan egoera salatu nuen arte. Bi egunera jarri zidaten laguntzailea”.

Lau urteren ostean, gradua bukatu eta Kudeaketa eta Giza-zerbitzuetako Berrikuntzako masterra hasi du. Berriro ere laguntzailea eskatu du, baina masterra ez dela ofiziala arrazoituz ez diote onartu eta graduondoari uko egitera animatu dute, kontatu digunez. “Laguntza behar izate hutsagatik ikasketa hauek egiteko eskubidea ukatzen ari zaizkit, ezin dut sinetsi”. Zur eta lur dago Da Costa eta Arartekora ere jo du dagoeneko.

Argitu al da afera: masterra ofiziala da ala ez? Eta ofiziala ez izanda ere, premia duen ikasleari ez al litzaioke laguntza bermatu behar?

EHUri galdetzen badiozu, ez da ofiziala, "berezko titulu" baizik [titulu ofiziala eta berezko titulua ezberdintzen ditu EHUk; master ofizialek doktoretza egiteko aukera ematen dute, besteak beste]. Ikasketak jarraituko nituela erabaki eta laguntzailea lortzeko aspaldi egin nuen kontsulta ezgaitasuna duten pertsonen arretarako zerbitzuan, eta behin matrikulatuta eta ikasturtea hasi baino bederatzi egun lehenago erantzun zidaten nik hautaturiko graduondoa ez dela titulu ofizialtzat hartzen, ez dagokidala laguntzailerik. Ez dut ulertzen graduondoa nola ez den ofiziala, EHUk eskaintzen duenean; ofiziala ez den zerbait eskaintzen du? Gainera, eskaintzan ez du inon ere jartzen ofiziala ez denik, ba al dakite berau ikasten ari direnek EHUren hitzetan ez dela titulazio ofiziala? Eta honek guztiak esan nahi du medikuntza edo arkitekturako master ofizial bat egiten badut laguntza dudala, baina nire ikasketekin zerikusia duen master hau egiten badut ez dudala laguntzarik? Ez du zentzurik.

Sinesten zaila zait ofiziala ez denik. Are gehiago, masterra ikasten dudan fakultateko dekanoaren arabera ofiziala da. Kontuak kontu, EHUk eskainitako masterra da eta EHUko ikaslea naiz. Alegia, ofiziala ez balitz ere, eskubideak bermatu egin behar dira, ez da nahikoa argudio. Araudia aldatu behar bada, aldatu dezatela, aniztasun funtzionala dugun pertsonon aukera berdintasuna garantizatzeko.

Pentsa, oinarri dute araudi bat non esaten den ofiziala ez den ikasketetarako ez dutela zertan laguntza eman, baina araudi horrek berak dio behar bereziak dituzten pertsonei beren eskubideak bermatu behar zaizkiela unibertsitatean dauden epe osoan eta nik EHUko ikasle izaten jarraitzen dut [“Arautegi honen xedea ezgaitasuna duten UPV-EHUko ikasleen arretarako ekintzak arautzea da eta, orokorrean, hezkuntzarako behar berezia dutenentzako, unibertsitaterako sarrera errazteko, unibertsitatean dagoen bitartean beste ikasleekin batera beren ikasketen garapena eta parte-hartze osoa, baldintza berdinean heziketarako duten eskubidea bermatuz”].

"Araudiak dio behar bereziak dituzten pertsonei beren eskubideak bermatu behar zaizkiela unibertsitatean dauden epe osoan eta nik EHUko ikasle izaten jarraitzen dut"

Laguntza ukatu eta bestelako alternatibarik ez al dizute eman?

Graduondoari uko egitera animatu naute. Nik uste beraiek pentsatu zutela jarraitzeari uko egingo niola, baina ez da hala izan eta haiek ere harrituta geratu direla. Nolabait, ikasketa hauetarako sarbidea betatu didate, diskriminatzailea da. “Laguntza behar horietarako, jo ezazu elkarteengana”. Hori ere entzun behar izan dut, ikaragarria da. Erakunde publikoa zara eta ikasleentzako eskaintza bat egiten baduzu, denentzat da ala ez da zilegi. Benetan denentzako eskaintza bada, jarri laguntzak eta bermeak, bakoitzak behar ezberdinak ditugulako.

Aniztasun funtzionala duen jendeak karrera amaitu ostean ez dituela ikasketak jarraitzen, hori ere adierazi didate, argudio bat balitz bezala. Eta hala bada ere, zergatik ez atea ireki ikasten jarraitu nahi duenari? Orain ni ari naiz egoera hau jasaten, baina etorkizunean aniztasun funtzionala duen beste pertsona bat izan daiteke. Ez dakit azkenean laguntza lortuko dudan, baina atzetik datozen pertsonei ibilbidea samurtzeko balioko badu, pozik geldituko naiz.

Eta orain, zer?

Gaur egun, nire ama graduondora etortzen da nirekin, Gasteizera eta Leioara [masterraren zati bat han da], eta fakultatean lau ordu ematen ditu pasilloan eserita, laguntza eskatuz noiz deituko diodan zain. Ez diot graduondoari uko egin eta pozik nago horrekin, uztea litzatekeelako nire printzipioen aurka joatea eta EHUri arrazoia ematea, eta frogatu nahi dut EHUk ez duela arrazoia gai honetan. Bide administratiboa bukatuta, EHUren erabakia berraztertzeko errekurtsoa jarria dugu eta ebazpenaren zain gaude. Aldi berean, kasua Arartekoaren esku jarri dugu. Irakatsi didaten moduan, ametsak lortzeko borroka egin behar da.

EHUk dio unibertsitate inklusiboa dela.

Diskurtso tipikoa da, baina ez dator bat errealitatearekin. Erakunde publikoa zaren heinean, eta esaten baduzu zure zerbitzuak guztientzat direla, hala izan dadin saiatu, inklusioa hasten delako aniztasun funtzionala dutenei aukera berdintasuna eskaintzetik.

Dena den, nabarmendu nahi dut EHUk instituzio gisa egiten duena salatzen dudala, baina nire fakultatearen babesa izan dudala eta beren eskuetan dagoena egin dutela, laguntza hori lor nezan.

"Aniztasun funtzionala dugun pertsonoi etengabe eskatzen zaigu frogatzea egin dezakegula, egin aurretik ondorioa delako ezin dugula egin"

“Ametsak lortzeko borroka egin behar da”, diozu. Borroka asko egin behar izan al duzu bizitzan?

Oinarrizko zereginetan menpekotasun handia daukat eta egunerokoa ez da erraza, baina zorionez lagunarte eta inguru sendoa daukat eta familiaren babes handia. Eta gogorra eta mingarria den arren, garun-paralisia izanda zoriontsu izatea posible da. “Zer egin dezaket nik egoera honen aurrean aurrera ekiteko?” da nire filosofia. Nahiz eta aurrerapen handiak egin diren, gizartean oraindik ez dago onartuta aniztasun funtzionala (edo ezgaitasuna, niri berdin zait bata edo bestea erabili).

Zehazki hezkuntzan, askotan entzun ditut “ezin duzu”, “baina nola egingo duzu hori!” eta gisakoak, baina nik aurrera egin dut beti, oztopoak gaindituz eta ez etsiz. Institutuan ere entzun behar izan nuen, selektibitatera ez aurkezteko, institutuaren nota jaitsiko nuela-eta. Gizartean, aniztasun funtzionala dugun pertsonoi etengabe eskatzen zaigu frogatzea egin dezakegula, egin aurretik ondorioa delako ezin dugula egin, baina zergatik egon behar dut etengabe aurretik frogatzen aukeratu dudan hau edo hori egin dezakedala? Zuk niri esan gabe ere, ni neu jakitun naiz nire mugez, baina erronkak gustuko ditut eta probatu nahi dut nire burua. Eta esan dezaket, momentuz, garun-paralisia ez dela oztopo izan nire bizitzan ametsak lortzeko orduan.