argia.eus
INPRIMATU
“EHUk armagintzarekin dauzkan kolaborazioak salatzeko ekintza egingo dugu”
  • EHUk antolatu dituen jardunaldi batzuetan armagintzari lotutako enpresak izango direla aprobetxatuz, protesta egingo dute, "unibertsitatearen itxurakeria salatzeko, balioetan oinarritzen dela saltzen baitigute, baina ezkutuan kontratuak, kolaborazioak eta harremanak mantentzen dituzte armagintza sektorearekin".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko otsailaren 04a

Iñaki Etaio da hala mintzo dena, “EHU, moztu kolaborazioa armagintzarekin” sareko kidea. Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle eta graduatuentzat jardunaldia antolatu du ostegunean, San Mames estadioan, unibertsitateak, ikasleek enpresak ezagutzeko. Enpresa horien artean Sener, ITP eta Aernnova bezalako enpresak izango dira, armagintzari lotuak. “Aurreko urteetan protestak egin direnez, aurten itxia izango da ekitaldia, ikasle eta irakasleek baino ezingo dute sartu, aurrez izena emanda. Horregatik, kanpoan egingo dugu protesta”, dio Etaiok.

Pankarta jarriko dute estadio aurrean, 10:30ean, “Gerra hemen hasten da” lelopean. Azken finean, “gudak urrutiko kontua direla iruditzen zaigu, ez duela zerikusirik gurekin, baina bai, bada loturarik”.

EHUk armagintzarekin eta militarismoarekin kolaborazioak dituela salatu du sareak: ikastaro eta mintegietara militarrak ekarri dituztela adibidez eskolak ematera, ikasleek aipatu enpresetan egiten dituztela praktikak, kontratuak eta kolaborazioak egiten direla enpresa horiekin, edota EHUko Gobernu Kontseiluak Plataforma Aeronautiko Espazial Espainolean parte hartzea onartu duela, “non batez ere Defentsa Ministerioak eta armagintzan ari diren enpresa pribatuek hartzen duten parte”.

“Heriotzarekin aberasten direnak ez dira ongi etorriak”

EHU bakarrik ez, armagintzari lotuta jardunaldietan izango diren enpresak ere kritikatzen ditu sareak: “Heriotzarekin eta beste herrien suntsiketarekin aberasten direnak ez dira ongi etorriak”.