argia.eus
INPRIMATU
EHNA berrabiatuko du Udalbiltzak
  • “Euskal Herri burujabe bat eraikitzeko bidean” 20 urte bete ditu Udalbiltzak, “Euskal Herriko garapen eta barne kohesioa sustatzea helburu”. Lehendakari eta zuzendaritza politiko berria iragarri ditu partzuergoak, eta martxan jarriko dituzten proiektuen artean, Euskal Herriko Nortasun Adierazpena berreskuratuko dutela jakinarazi dute.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 18a

Bi hamarkadatan, Euskal Herriaren nazio egituratzea gorpuzten eta erakunde publikoetan elkarlana bultzatzen makina bat jende aritu dela adierazi du Udalbiltzak, eta eskerrak eman diete horiei guztiei.

Horrez gain, azaroaren 16an Durangon hitzordua dutela iragarri dute: Udalbiltzak bere lehendakaria eta zuzendaritza politikoa berrituko ditu, Batzar Orokorrean. Partzuergora atxikituriko kide guztiek dute batzarrean eta bozketan parte hartzeko aukera. Egungo 600 hautetsietatik 1.000 hautetsiren atxikimendua lortzea jarri dute xede.

Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuan abiatu dituzten ekimenen berri ere eman dute: EHNA berrabiatzeko asmoa; Lurgida Euskal Herriko APP turistikoa; euskal unibertsitateetan sortzen den ezagutza baliatzen duen Ikerbiltza; Hartu-Eman esperientzien bankua; eta Hurbiltzen, udalerrien arteko senidetzea sustatzeko asmoz.