argia.eus
INPRIMATU
Ehkz gazte komunikazio proiektua aurkeztu dute Ipar Euskal Herrian
  • Gazteek eginda eta gazteei zuzendutako Ehkz webgune egitasmoa aurkeztu dute Ipar Euskal Herrian. Otsailetik aurrera, “gazte aktualitatea” eta aktualitate orokorra lantzeko “sarea” izango da.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 29a
Ehkzren aurkezpenaren irudia. (Arg: Topatu.info)

Ekhi Erremundegi proiektuko kideak adierazi duenez, “zabala” izango da; “gazteen gaurkotasuna” eta  gaurkotasun orokorra landuko ditu. Baina, horrez gain, kultura, kirola eta politika ere bai, besteak beste.

Gainontzeko hedabideetan ahotsa ez dutenen “bozgorailu” izateko asmoz sortu dute.

Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren oinarriak hartu dituzte helburu gisa. Hala, Euskal Herria bere osotasunean hartu, eta “bestelako jendarte eredu bat” islatuko dute. Dena den, edozein gazteri irekitako gunea nahi dute, “Gazte Komunistetatik UMPko gazteetaraino, ezker abertzaleko gazte erakundearekin batera”.

Web gunea, elkarlanean

Lankidetzan eta parte-hartzean oinarritu nahi dute proiektua. Horregatik, ataria ireki baino hiru hilebete lehenago aurkeztu dute egitasmoa, gazteek ezagutzeko eta kolaboratzaile izatera animatzeko. Gainera, Ipar Euskal Herriko gizarte eta kultura arloetako eragileekin bildu nahi dute, ireki aurretik haren berri izan dezaten.

Bazkide bila

Ipar Euskal Herriko gazte proeiktu komunikatiboa autofinantzatu dadila nahi dute sortzaileek. Ondorioz, bazkidetza-kanpaina jarri dute abian: 5 euroko ekarpena eskatuko diete hilero proiektua lagundu nahi dutenei.

Otsailaren 1ean, aurkezpen festa

Otsailearen 1ean irekiko dute webgunea. Egun horretan bertan, aurkezpen festa egingo dute. Dena den, www.ehkz.eu helbidea martxan jarriko dute jada, kolaboratzaileei parte hartze orria zabaltzeko eta eragileekin egiten dituzten bileren berri emateko, besteak beste.

Iparraldeko Hitzak Ekhi Erremundegi egitasmoko kideari egindako elkarrizketa hemen ikusgai: