argia.eus
INPRIMATU
Jaima Anduaga
“Euskal Herriko leku guztietan ari dira lurra pribatizatzen kapitalaren faboretan”
  • Baztanen 200 ekoizleen lurren desjabetza saihesteko, Erdiz Bizirik Plataformak daraman borrokaren berri emango dute Hondarribian ostegunean Aiza Kultur Elkarteak antolatuta. Magnesitas de Navarra S.A. enpresak Erdiz mendia hustu nahi duela salatzen du plataformak, eta 100 hektarea desjabetu nahi duela makroproiektu horrek.

Antxeta Irratia 2023ko martxoaren 09a
Argazkia: Antxeta irratia

Natura 2000 sareko eremu babestu baten aldamenean izanik ere, "administrazio publikoak kapitalaren faboretan legeak moldatu" eta halako ustiaketa proiektuei bide ematen diela salatzen dute. Izan ere, 22 urte pasatu dira Gobernu Batzordeak Magnesitas Navarras enpresari Erdizen zundaketak egiteko baimena eman zionetik. Baztandarren %87 meategi proiektuaren kontra lerrokatu zen orduan. Momentu hartan herritarrak ez zuten begi onez ikusi Baztango bazkaleku komunal handiena erdiz-erdi zulatzea, "zertarako eta enpresa erraldoi baten sakelak betetzeko". Aurten, adibidez, 106 abeltzainek probestu dituzte Erdizeko larreak abelburuen bazkarako.

Orain, Baztango harrobi meategi proiektu hau, Euskal Herrian orokortu egin den landa eremuen kontrako eraso dinamikaren beste bat baizik ez dela dio, Jaime Anduagak, Erdiz Bizirik plataformako eta Hondarribiko Aiza Kultur Elkarteko kideak. Baina landa lurren defentsa Euskal Herri mailan egin beharra dagoela aldarrikatzen du. Erdizen bezala, Arbonako laborantza lurretan edota Hondarribiko Zaldunbordako makro-outlet proiektuarekin gertatu izan den bezala. "Ez da problematika lokalista bat, leku guztietan ari dira lurrak pribatizatzen, enpresa handien jarduera kutsagarrientzat ez bada, etxegintzaren faboretan", dio Anduagak.

Erdizetik Hondarribira

Horiek hala, martxoaren 9an, ostegunarekin (19:00), solasaldia antolatu dute Hondarribiko Alde Zaharreko Kultur Etxean (103. gelan) problematika honen berri eman, eta Baztanen bezala, Hondarribian eta Euskal Herriko hainbat udalerritan natur eremuek jasaten dituzten mehatxuen gainean "alarma gorria" pizteko.

Garapenaren izenean galtzen diren lurrak ez direnez sekulan gehiago berreskuratzen, herritarrak aktibatu nahi dituzte. "Hondarribian, adibidez, lurrik emankorrenak galduta daude, eta horretan uholde turistikoak eragin handia izan du, eta lurren galerarekin bertako kultura eta hizkuntza ere galtzen da", nabarmentzen du. Izan ere, ondorioak ez dira ekonomikoak soilik bere ustetan, "esanahi sakonean aztertu" beharra dagoela dio.

Erdizen egin nahi den meategi proiektuaren aurkako jarrera berretsi du Erdiz Bizirik egitasmoak, eta apirilaren 22an mobilizazioa deitu dute Iruñean 'Lurraren Egunean'. Anartean herriz-herri ari dira hitzaldiak ematen, eta horren baitan kokatzen dute Hondarribiko deialdia.