argia.eus
INPRIMATU
Ehiztariak eta animalien eskubideen aldekoak kalera aterako dira igandean
  • Espainiako Estatuko ehiza federaziek manifestazioa deitu dute Estatuko 50 hiritan domekarako, ehiza “bizimodu” gisa defendatzeko. Hego Euskal herriko ehiza elkarteek bat egin dute deialdiarekin eta manifestazioak antolatu dituzte domekan Donostian eta Bilbon. Honi erantzunez, Askekintza talde antiespezistak animalien bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko manifestaziora deitu du igande arratsaldean Donostian.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 13a
Irudia: Goiena

Euskadin ehiza bai! leloa zabaldu dute ehiztariek igandeko manifestaziorako. Donostian Easo plazatik aterako da, eguerdiko 12:00etan, eta Bilbon Arriaga plazatik aterako dira, ordu berean. Talde animalisten “presioa” salatu eta euren jarduna errespetatzea eskatuko dute. Era berean, Ulian ehizatzeko eskubidea aldarrikatuko dute.

Gipuzkoako Ehiza Federazioak Euskal Herri osoko kolektiboei zabaldu die deialdia, eta momentuz 20 doako autobus antolatu dituztela jakinarazi dute. Hego Euskal Herrian 90.000 pertsonak daukate ehizatzeko lizentzia.

Antolatzaileek “euren aurka manifestatzen direnei” erakutsi nahi diete “milaka” direla ehizaren “afizioa defendatzera” kalera aterako direnak: “Izan ere, ehiza etikoa, jasangarria eta arautua oreka ekologikoaren oraina eta etorkizuna da eta ehiztariak gara ingurumena zaindu eta babesteko lehenak”.

Euskadi Irratian, Gipuzkoako Federazioko ordezkariak animalien eskubideen alde egitea hiritartasunarekin lotu zuen, esanez hiritarrek ez dutela ulertzen “herrietako bizimodua, ohiturak eta zaletasunak”.

“Gure aisiarekiko alternatibak behar ditugu ehiztariok, gure afizioa egiten jarraitzeko ehiza egiteko aukera ez dagoen garaietan”, aldarrikatu dute ehiza federazioetatik. Bestalde, auto istripuak ekiditeko daukaten ahalmena azpimarratu nahi izan dute: “Animaliek eragindako istripuen %70a espezie zinegetikoek —ehizatzeko baimena dutenak— eragindakoak dira. beraz, ehiza da animalia horien poblazioak kudeatzeko eta kotxe istripuak gutxitzeko alternatiba”.

Manifestazio antiespezista

Igandean bertan, Askekintza talde antiespezistak Bulebarretik abiatuko du ehizaren aurkako manifestazioa, 17:00etan. Salatuko dute ehiztariek defendatu nahi duten “afizioa” animaliak hiltzeak eragiten dien plazera baino ez dela.