argia.eus
INPRIMATU
Urrezko Antzarra Bego Vicarioren ‘Ehiza’ filmarentzat izan da Euskal Zine Bileran
  • Euskal Zine Bilerako Lehiaketan hemeretzi filmak hartu dute parte eta azaroaren 23tik 26ra bitartean ikusi ahal izan dira zinebilera.eus webgunean. Bego Vicarioren filma izan da onena. Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria jaso ditu.

     

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 30
Aurrez aurreko sari banaketarik izan ez bazen ere sariak prest zituzten antolatzaileek. Argazkia: Euskal Zine Bilera.

Saridunak erabakitzearen arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda zinegileak izan dira. Erabakia hartzea zaila izan dela aitortu dute. 

Zuzendaritza onenaren saria Aitor Mendilibar eta Ibon Goiko zuzendariendako izan da Irten barrura filman egindako lanagatik. 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra jaso dituzte. Gidoi onenaren saria Imanol G. Gurrutxagaren Nigandik lanarentzat izan da. Gidoigileak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra jaso ditu. EITB Ikusleen saria Gurrutxagak berak jaso du Nigandik lanagatik.  Epaileek aipamen berezia egin diote Ekain Albiteren Haizearen egia filmari.

Pascal Gaigneri omen

Euskal Zine Bilerak 43. edizioan Euskal Zinemaren Begirada Pascal Gaigne musikariarengan jarri nahi izan du. Urtetan euskal zineman egin duen ekarpena aitortu nahi izan diote. Gaignek, azken urteotan, La Trinchera Infinita, Dantza, Handia eta Errementari filmeentzat musika konposatu du.