Euskal Herrian Euskaraz taldeak Otxandio aukeratu du aurtengo Euskaraz Bizi Egunerako. Apirilaren 18rako egun osoko egitaraua prestatu du. Taldeak euskaldun guztiei dei egin die euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko.
EHEren iritziz, “euskaraz bizitzea gure esku dago, baldin eta hiztun aktiboak bagara. Geldirik bagaude, isil-isilik, akabo. Egotea ez da nahikoa; egin egin behar dugu, indarrak eta grinak batu, gogoa martxan jarri, euskaldunak ahaldundu eta herri euskalduna mugiarazi”.
Aurtengo euskaltzaleen topaketarako Otxandio aukeratu dute, besteak beste, herri euskaldun horrek euskararen alde egiteko prest dagoela erakutsi duelako. Festa giroa izango du egunak eta tartean izango dira musika, dantza, haurrentzako tailer eta jolasak, eta 500 lagunentzako herri bazkaria. Egitarau zehatza EHEren blogean aurkituko duzu.