argia.eus
INPRIMATU
EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko
  • Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 21a
Goizean goiz eginiko protestako irudia / Argazkia: Euskal Herrian Euskaraz

Ostegun goiz honetan Eusko Legebiltzarrean onartu da EAJ eta PSEk soilik babestu duten Hezkuntza Legea eta dozenaka eragilek deitu dituzte protestak. EHEko kideak Hezkuntza Euskalduna behingoz! lelopean elkartu dira goizeko lehen orduan, legeari “planto” egiteko. Mugimenduak salatu du “iraungitako” legea dela eta arazoak “indartu” eta “itoginak larriagotzen” dituela. “EHEtik garbi adierazi nahi dugu: ez dugu Hezkuntza Lege hau onartzen”, gaineratu dute. Elkarretaratzea amaitutakoan, bi kide legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, baina ertzainek “bultzaka" bota dituzte.

Berriki onartutako lege honek euskaraz mintzatzeko, irakurtzeko eta idazteko gaitasuna milaka ikasleri ukatu dien eta ukatzen jarraitzen dien hizkuntza-ereduen sistemari segida emango diola adierazi dute: “Euskalduntzea lortzeko ezinbestekoak diren beste arloetan ditugun erronka erraldoiei erantzunik eman gabe jarraituko du legeak”. Eztabaida-prozesuaren hasieratik “zehazgabetasuna” eta “anbiguotasuna” nagusi izan direla diote.

Hori dela eta, hezkuntza komunitate euskaltzaleari, irakasle, ikasle, guraso zein bestelako langileei eskatu diete lege honi “planto” egin diezaiotela. Hala, hezkuntza euskalduna borrokatzeko jarrera har dezaten gaineratu diete: “Orain arteko estrategiak berrikusi eta aurrera begira jartzeko garaia da; behar dugun Hezkuntza Euskaldunaren norabidean eragiten jarraitzekoa”.