argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz egiteko eskatzeagatik Tolosan EHEko kide bati eraso egin diotela salatu dute
  • Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.

ARGIA @argia 2025eko martxoaren 04a
EHE

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak salatu du Donostiako bere militante bati eraso egin diotela Tolosan, inauteri jaietan, igandetik astelehenerako gauean. Jakinarazi dute tren geltokiko segurtasun agente bat gazteari oldartu zitzaiola, mutilak euskaraz hitz egiteko eskatu ostean. Antolakundearen esanetan, euskaldunen aurkako mezuak oihukatzen hasi zen segurtasun agentea, eta EHEko kidea lurrera bota eta atxikita eduki zuen denbora batez. 

Halaxe ikusten da sareetan zabaldu duten argazkian: mutila lurrean etzanda dago, bizkarra lurraren kontra, segurtasun agenteak bi besoekin eusten duen bitartean, eta ondoan ageri da beste agente bat.

EHEk gogor salatu du gertakaria, eta onartezintzat jo ditu gisa horretako erasoak.

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok, bestalde, sare sozialetan idatzi du "kezkaz" hartu duela notizia, eta Tolosako Udalak gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatuko dituela. "Dena dela, euskaldunon kontrako gisa honetako erasoak erabat arbuiagarriak dira, baita jarrera fisiko horiek ere", esanez finitu du alkateak.