argia.eus
INPRIMATU
Parlamentuan kateatu dira EHEko hiru kide, euskararen ofizialtasuna eskatzeko Nafarroa osorako
  • Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko hiru kide Nafarroako Parlamentuan kateatu dira asteazken arratsaldean. Vascuencearen Legearen 30. urteurrean.

ARGIA @argia 2016ko abenduaren 14a
Hiru kideak Nafarroako Parlamentuan kateatu dira.

"Bada garaia legea aldatzeko! Euskara ofiziala Nafarroa osoan! Euskaraz bizitzera goaz!", aldarrikatu dute.

EHEren oharra osorik:

OFIZIALTASUNARI ATEAK IREKI!

Nafarron hizkuntza eskubideak zonifikatzen dituen “vascuencearen” legeak 30 urte beteko ditu bihar, abenduak 15. Urte luze hauetan, UPNren euskararen kontrako hizkuntza politika planifikatua pairatu dugu, Nafarroako berezko hizkuntza baztertzeari bideratua. Baina, zorionez, garaiak aldatu dira eta egungo nafar-gobernuaren jarrera bestelakoa da aurrekoaren aldean.

Hala ere, aipatu jarrera horrek muga zahar batekin egiten du topo, besteak beste: gobernua sostengatzen duten alderdien artean kontraesanak sortzen dituen “vascuencearen” legearekin, alegia. Berau gainditzearen alde hutsaren hurrena egin da eta lege honen babespean ematen diren urratsak eznahikoak izanen dira ezinbestean.

Urteurren borobil honetan, hizkuntza-eskubideen zonifikazio zentzugabeak indarrean jarraitzen du, euskaraz bizitzea eremu zehatz bati lotutako aukera balitz bezala. Noiz eta XXI. mendean! Euskaraz bizitzea zilegi da, nafar jendartearen nortasuna bizirik mantentzea da, norbanakook dugun eskubidea izateaz gain: ipar zein hegoaldean. Euskaraz bizitzea ez da nahikeria.

Beraz, ozen aldarrikatu behar dugu, hiru hamarkadaren ondoren, ekintzara pasatzeko ordua dela. Euskara denona bada, zer egin dezake gobernuak euskararen alde? Bada, hizkuntza arloan ere atzeraezina izango den aldaketa bultzatu: Lurralde osoan hizkuntza-eskubideen aitortza bermatuko duen lege berria, alegia. Justizia soziala izanen litzateke, ez besterik. Arduraz jokatzeko premia du gobernuak, nahi ala ez, etorkizuna euskaraz baitator!

Baina guri, herritarroi, dagokigu ofizialtasunari ateak irekitzeko garaia heldu dela exijitzea. Ezin gara instituzioei begira geldirik gelditu. Ardurak eskatzeaz gain, gaurdanik, gure esku dagoena egin behar dugu. Euskaraz bizitzeko hautua indartu eta aldaketak eragiteari begira bideratzea dagokigu. Adibideak ez dira gutxi: udalarekin harremana euskaraz izatea eskatu duten herritarrena, mediku eta pediatra euskalduna nahi duten auzokideena, euskarazko haur-eskola aldarrikatu duten gurasoena... Baina areagotu behar ditugu, su txiki gehiago piztu, euskaraz bizitzeko beharrezko erroko aldaketak bultzatuko dituen sutea lortu arte.

Hurrengo urteurrenetan euskararen lege berria ospatzeko euskaraz bizitzera, antolatzera eta dagokiguna aldarrikatzera dei egin nahi du EHEk abenduaren 15aren bezpera honetan.

Ahotsa.info-k egindako erreportajea