argia.eus
INPRIMATU
EHEk Euskal Herriaren independentzia aldarrikatuko du berreuskalduntzean jauzi bat emateko
  • Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak garai berrietara egokitzeko ariketa egin duela adierazi du eta bere sorrera-printzipioak eguneratuta jaso dituen Ikusmira agiria aurkeztu du.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 22a
EHEk agerraldia Usurbilen egin zuen otsailaren 20an. Argazkia: EHE.

Helburu nagusia ez du aldatu: Euskal Herria euskalduna izatea. Bide horretan sorrera garaiko (1979) printzipioak berritu eta Euskal Herriaren independentzia argi eta garbi aldarrikatzea berritasun nagusia dela azpimarratu du herri mugimenduak.

Ane Aizpurua EHEko kideak “Ikusmira” agiriak jaso dituen puntu nagusiak azaldu zituen Usurbilen egindako agerraldian.

Mugimenduak euskararen normalizaziorako ezinbestekotzat jo du euskararen erabilera lehentasunezkoa izatea: “Bai ahozko erabileran bai eremu funtzional eta geografiko guztietan”.

EHEk bere burua bestelako zapalketak bizi dituzten norbanako eta kolektiboekiko solidario dela azaldu du eta zapalduen arteko elkartasuna eta aliantzak ezinbestekotzat jo ditu.

Euskal Herriko biztanleak deskolonizatzea aldarrikatu du, “mendeko hizkuntza-praktika gainditu eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin dezagun”.

Euskal herritar guztiak euskaldunak izatea beharrezkotzat jo dute. Alabaina, hizkuntza gaitasuna ez dute nahikotzat, hizkuntzarekiko atxikimendua azpimarratu dute, “jarrera euskaltzalea transmititzeko beharra”.

Kohesiorako eta bizikidetzarako hizkuntza euskarak behar du izan eta hizkuntzen arteko harreman eredu berrian hizkuntza aniztasuna errespetatzearen eta zaintzearen alde egingo du mugimenduak.

Desobedientziak eta aktibismoak lekua izango dute ikusmira berrian eta ekintzarik desobedienteentzat jo dute ahalduntzea eta euskaraz bizitzea.

Instituzioei, berreuskalduntzeko hizkuntza-politika eraginkorrak egitea eskatuko diete.