Euskal Herrian Euskarazeko kideek "egia, aitortza, erreparazioa" emanaldi eta solasaldi zikloa antolatu dute datorren otsailaren 24rako Baionan, Kalostrape ostatuan.
Euskaldunontzat eta euskararentzat egia, aitortza eta erreparazioa aldarrikatzetik haratago, gure herriak eta euskaldunok jasan dugun hizkuntza zapalkuntzaren inguruan hausnartzea eta kontzientzia hartzea da prestatutako saioen helburua.
Zikloan bertan, alde batetik, Josu Martinez bilbotarraren zuzendaritzapean ekoiztutako Anti film laburra proiektatuko da. 19 minutuko ekoizpen honek 1921. urteko Ipar Euskal Herrian euskaldunek eskolan pairatutako jazarpena kontatzen du. Ikusi trailerra jarraian.
Bestetik, Ahotsak proiektatutako bideo batzuetatik abiatuta, hainbat euskaldunek lehen pertsonan kontatutako bizipenen 13 minutuko bilduma bat ikusteko aukera izango da.
Ondoren, zuzenean, Gexan Alfaroren eta Eneko Bidegainen testigantzak entzuteko parada izango dute bertaratuek. Amaitzeko, guztien artean solasaldi bat osatzea litzateke asmoa, norberaren bizipen pertsonalak, sentsazioak, hausnarketak... kolektiboki konpartituz.
Ekitaldia 19:00etan hasiko da, Baionako Kalostrape ostatuan. Sarrera doakoa da eta bertaratu nahi duen ororentzat zabalik izango dira ateak.