argia.eus
INPRIMATU
EHEk Baionara deitu du “Mugarik gabeko euskara, ofizialtasuna” aldarri
  • Euskal Elkargoak euskara eta gaskoia ofizialki ezagutu dituen arren, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundearen iritziz, ez da aski. Kari horretara, larunbat honetan, manifestazioa deitu du goizeko 11:00etan, Baionako Herriko Etxe aitzinean.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2018ko urriaren 05
Euskal Herrian Euskaraz erakundearen ordezkariak manifestaziora deia eginez.

Senpereko EHE taldeko kide Eider Lopezek Gure Irratia-n adierazi berri duenez, Euskal Elkargoak hizkuntzaren ezagutza aditzera eman badu ere, ez dauka eskuduntzarik euskara gauzatzeko, erakunde hori Frantziako Estatuaren egitura baita.

Eider Lopezek dioenez, “Frantziak ez du ofizialtzat jo euskara, eta ez du joko. Areago, Euskal Elkargoaren bilkuretan hautetsiekin frantsesez mintzatu behar da nahitaez eta aktak frantses hutsez idatziak dira“.

Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko egoera aldatzeko, iragan martxoan Iruñean egin zen manifestazioaren antzekoa xedea dute EHEko kideek: “Iruñean ofizialtasuna aldarrikatu zen Nafarroa osorako, hemen ere euskararen ofizialtasuna baitezpadakoa da”.  

Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko egoera aldatzeko, iragan martxoan Iruñean egin zen manifestazioaren antzekoa xedea du EHEk: “Iruñean ofizialtasuna aldarrikatu zen Nafarroa osorako, hemen ere euskararen ofizialtasuna baitezpadakoa da” 

Azken asteetan izandako hainbat gertakari hizpide harturik “desobedientziaren bidea” urratzeko unea heldu dela dio EHEko eledunak: “If Matxikote hautetsi abertzaleak Uztaritzeko Herriko Etxean egin duena”, horren adibidea da.

EHEren esanetan “Euskal Herria bi estatuek zapalduta den bitartean, euskara bigarren mailako hizkuntza izanen da, frantses eta espainolaren menpe. Ofizialtasuna lortzeko modu bakarra burujabe izatea da.

Burujabe izan ezean euskararen eskubidea administrazioan mugatua izanen da beti. “Frantziako Hezkunde Nazionalak Seaskarekin irakasleen lanpostuen ez onartzea  da horren lekuko”.  

Alabaina, Euskal Herria independentziaren bidean ari den bitartean, tokian tokiko erakunde eta herri mugimenduaren arteko lana begi onez ikusten du. Euskaraldia ekimena, adibidez.

EHEk ez du Euskal Elkargoarekin harremanik, baina ez du baztertzen berarekin zerbait egitea: “Gure ustez erakunde horrek pauso gehiago eman dezake euskararen alde eta gu bide horretan aritzeko prest gaude“, esan du azkenik Eider Lopezek.