Topaketak urriaren 7an eta 8an Villabona-Amasan izango dira. Euskara eta independentzia ardatz hartuta, zenbait gairen inguruko hausnarketak egingo dituzte.
Euskal Herrian Euskarazek (EHEk) adierazi duenez, topaketen jatorrian Astindu barne prozesua dago (Hausnarketari buruzko elkarrizketa Haizea Ramirez de Alda eta Urko Aierberi, 2021ean). Gogoeta hartan, oinarri ideologikoa, antolaketa eredua eta etorkizuneko lan-ildoak berrikusi zituzten. Hausnarketa haren emaitzetako bat izan zen EHEk bere burua argi eta garbi eragile independentistatzat aitortzea.
Herri mugimenduaren ustez, Espainiako eta Frantziako estatuen menpe bizita, ezin da diglosia egoera gainditu, eta horregatik, Euskararen Errepublikaren aldeko apustua egin du. Hala adierazi dute prentsa-oharrean: "Atzera begira eta defentsiban nahi gaituzten honetan, euskaltzaleok aurrera begira eta herri eraikuntzarako perspektiban kokatzeko ekarpena egin nahi dugu".
Euskaltzale Independentisten Topaketetarako hiru helburu ezarri dituzte: batetik, gogoeta egitea ea nola elkar elika dezaketen prozesu euskaltzaleek eta burujabetzaren aldekoek; bestetik, euskalgintzaren erronka berriak aztertu eta Euskararen Errepublikaren norabidean kokatu; eta azkenik, euskaltzale independentisten komunitatea indartu.
Egitarauan gogoeta eta jai giroa uztartu dituzte. Mahai-inguru nagusian Amets Aranguren, Amets Arzallus, Eneko Bidegain, Estitxu Garai eta Lorea Agirre izango dira. Ekitaldi politikoaren ondoren, berriz, azaroaren 4ko manifestaziorako atxikimendu-argazkia aterako da.
Topaketetan parte hartzeko izena ematea eskatu du EHE-k.