Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataformak sindikatu eta gizarte eragileak elkartzen ditu eta azaroaren 23an elkarretaratzeak egin ditu Bilboko Primark eta Zara saltokien aurrean. Plataforma honek salatu du 5.000 denda txikik baino gehiagok itxi dituztela ateak EAEn 2008 eta 2016 urteen artean.
Balck Friday (ostiral beltza) eta Ciber Monday (ciber astelehena) "kontsumo konpultsiboaren sinonimoak" direla adierazi du plataformak, Ekologistak Martxan taldearen webgunean irakur daitekeenez: "Iragarkiak irratian, telebistan, garraioan, prentsan,… edonon eskaintza ikaragarriak daude, eta dena oraindik merkeago erosketa online egiten badugu". Baina horrek gizartean eta ingurumenean dakartzan ondorio larriak azaldu ditu: "Online merkataritzak enpleguak suntsitzen ditu eta lan-baldintzak prekarizatzen ditu, salgaien garraioa areagotzeaz gain, eta, beraz, baita CO2 emisioak ere. 5.000 denda txikik baino gehiagok ateak itxi dituzte EAEn 2008 eta 2016 urteen artean. Bestalde, ehungintzaren moda industriarik toxikoenetako bat da; izan ere, haren osagai toxikoek 200 urte baino gehiago behar dituzte degradatzeko, eta zabor-mendiak sortzen ditu, herrialde txirotuetako basamortuetan 39.000 tona arropa-erabili pilatuz".
Horren aurrean, EH Kapitalari Planto! plataformak Erosketarik Gabeko Eguna ospatzera dei egin du, "mundu bidezkoago eta iraunkorrago bat lortzen lagunduko duten kontsumo-moduetan parte hartzera animatuz". Horretarako, zera proposatu dute:
– Klik eginez burututako erosketa konpultsiboari aurre egitea.
– Oinarrizko beharrak erosketarik egin gabe betetzea, konponbiderik jasangarriena den aldetik: konpontzea, trukatzea, partekatzea, sortzea…
– Merkataritza txikiari eta hurbileko merkataritzari laguntzea.
– Aurrez aurre erostea, eta, ezin denean, hurbileko merkatariak elkartzen dituzten tokiko plataformak erabiltzea.