argia.eus
INPRIMATU
Heletako etxeari egindako erasoa beren gain hartu dute ‘EH ez da salgai’ izenpean
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 08a
Heletan maiatzaren 30ean erretako etxea, EH ez da salgai idatziak agertu ziren paretetan (Argazkia: naiz.eus).

"Udan edota, urtean zehar, aste batzuetan bakarrik erabilia zen", adierazi dute oharrean "argi" utzi nahirik bigarren etxebizitza zela. Erasoa izan ostean eraikinaren jabeek adierazi zuten ez zela hala, "familiako etxea" zela, eta arazo batzuk tarteko bertan bizi izateko asmoa bazuten ere, ezin izan zutela bizitoki iraunkor bihurtu.

Oharrean, ostera, entzundako kritikei egiten die erreferentzia: "Ingelesen, paristarren edo Euskal Herritik kanpo den familia batena izan balitz etxe hori, ekintza honen kontra izango ziren? Oso-oso larria iruditzen zaigu Euskal Herriko familia batek bigarren etxebizitza bat ukaitea, jakin-eta zer arazo den etxebizitzarekin".

"Bigarren etxebizitzen eta higiezinen agentzien kontra" jarraituko dutela azpimarratu dute, ekintzekin erantzungo dutela, baina esan dute Heletako alkate Philippe Etxeparek erasoaren ondotik irratian egindako adierazpenetan "gezurra esan duela", adierazi duenean "ez dakigu norbait badenentz etxe barnean". Garbi utzi nahi izan dute 'EH ez da salgai' "inoiz ez dela fisikoki norbaiten kontra aritu".