argia.eus
INPRIMATU
EH Bizirik-ek eta Askapenak Italiako AHTaren aurkako borroka ezagutuko dute uztaileko brigadetan
  • Euskal Herria Bizirik eta Askapena brigada bat antolatzeko elkartu dira. Europan lurraldearen defentsan dauden bi borroka bisitatuko dituzte: Lurraren Altxamenduaren borroka Frantziako Estatuan, eta NO TAV mugimendua Italian.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 16a
EH Bizirikek maiatzaren 26an, Kolitza mendian egin zuen protesta. Argazkia: @EHBizirik

ABrigada uztailaren bigarren hamabostaldian joango da bidaian. Lehenik, Melle herrian, Frantziako Estatuan, uztailaren 16tik 21era altxatuko den Ur Herrixkara joango da. Bertan duela zazpi urte lehen urratsak eman zituen Lurraren Altxamenduen sarean borroka ezagutzeko aukera izango dute. Mobilizazio garrantzitsuenak uztailaren 19an eta 20an egingo direla iragarri dute, ura metatu eta kontrolatzeko eraiki nahi dituzten makro-baltsen aurka, eta nazioarteko deialdia egin dute ahalik eta jende gehien parte hartzeko.

Hurrengo astean Val di Susara (Italia) joango dira. Bertan, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzaren aurka egindako 30 urte baino gehiagoko borroka ezagutzeko aukera izango dute. Alpeetako bailara horretan, NO TAV mugimendua osatzen duten hainbat talderekin lurraldearen defentsan egindako urte luzeetako borrokaren esperientziak partekatuko dituzte. Astearen amaieran Alta Felicitá Jaialdia izango da, uztailaren 26tik 28ra, Venaus herrian.

Brigadaren asmoa elkartasuna adieraztea dela nabarmendu dute bi eragileek, eta gonbidapen hau luzatu dute: “Pertsona guztiak lurraldearen eta bizitzaren aldeko mugimendu eta borrokekin bat egitera animatzen ditugu”.