argia.eus
INPRIMATU
Alonsotegi auziko absoluzioak etsigarriak dira EH Bildurentzat
  • Joan den asteazkenean ezagutu zen Alonsotegiko ustezko ustelkeria kasuengatik izandako lehen epaiketaren epaia: akusatu guztiak absolbitu ditu Bizkaiko Auzitegiak. EH Bildu aritu da akusazio partikular moduan auzian eta ebazpena "etsigarria" eta "kontraesankorra" dela adierazi du; helegitea ere aztertzen ari da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko martxoaren 08a
Lau akusatuak epaiketaren une batean.

Alberto Zulueta arkitektoa, Francisco Javier Bediaga eta Eduardo Ibarra eraikitzaileak, eta Marta Novo udal arkitektoa absolbitu ditu epaiak. Egotzitako delituak honakoak ziren: prebarikazioa, dokumentuak faltsutzea, iruzurra eta fondo publikoen bidegabeko erabilera.

Ikertutako gertaerak 2011-2015 artean gertatu ziren eta orduan alkate zen José Luis Erezuma ere auzipetuta zegoen, baina epaiketaren aurretik hil zen eta kargu guztiak bertan behera geratu ziren harentzat.

Harridura

Epaiak harridura sortu du gizarteko eremu askotan, 2022ko urtarrilean akusatuek aitortu baitzituzten egotzitako delituak, eta kartzelara ez joateko akordioa sinatu zutelako fiskaltza eta akusazio partikularrarekin. Sortutako kalteen ordain gisa, akordioan 881.000 euro ordaintzea adostu zuten.

Auziaren muinean zegoen Bizkaiko Foru Aldundiak Alonsotegiko udalari emandako 600.000 euro. Horiek erabili behar ziren herrian 2011ko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko. Operazioa amarrua zen ordea, eta dirua ez zen horretarako erabili, Erezuma alkateak 2019an onartu zuen bezala. Udalak milioi bat euro pasatxoko zorra zuen Laneder enpresak udalarentzat egindako lanengatik, 450.000 mila ordainduta zituen, baina gainerakoa falta zen, eta hain zuzen ere, horretarako erabili zen Bizkaiko Diputazioari eskatutako diru-laguntza.

Amarrua izan zen, bidegabeko erabilerarik ez

Epaiak dioenez,ez da demostratu akusatuek diru-laguntza hori haien onurarako eskatu zutenik. Garbi geratu da, aldiz, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako 600.000 euroak ez zirela eskatutako horretara bideratu, baina ez da ikusi tramitazio horretan deliturik egon zenik.

Epaiaren esanetan, halaber, ez dago diruaren bidegabeko erabilerarik, erakunde publikoek ez duelako inongo diru kalterik izan, eskatutako diru-laguntza ez zelako erabili eskatutako helbururako, baina balio izan zuelako udalak beste enpresa batekin zuen zorra kitatzeko. Amarrua egon zen, bai, baina horrek ez zuen sortu kalterik administrazio publikoan.