argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduren moderatze instituzionalak LAB darama berarekin, ELAren ustez
  • Ezaguna da ELAren eta LABen arteko harremanak ez direla onak azken boladan. Egoera ez da berria, eta ELAren ustez orain oztopo nagusiak hiru esparrutan dira: negoziazio kolektiboa, parte hartze instituzionala eta autonomia sindikala.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko ekainaren 23a
ELA eta LAB elkarrekin 2017ko mobilizazio batean. (Argazkia: LAB)

Ezaguna da ELAren eta LABen artean azken boladan duten harreman txarra. Apirilean LABeko koordinatzaile Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo gogor mintzatu ziren – ELAren prepotentzia, manipulazioa eta arduragabekeria– harreman horiez, eta hilabete honetan, ELAren Alda hilabetekarian horiez idatzi dute Amaia Muñoa Idazkari Nagusiaren albokoak eta Pello Igeregi Negoziazio Kolektiboko arduradunak, hauek ere ahoan bilorik gabe.

Historikoki bi sindikatuen harremanak ez direla samurrak diote ELAko goi karguek, are gutxiago ETAren garaian, baina zehazten dute beti izan dituztela elkarlan garaiak, hala nola, 35 orduen borrokan, Foro Sozialean, 2008ko krisialdiko sei grebetan, lan heriotzetan, euskararen eremuan edo Kataluniako kontsultan.

Hala ere, azken boladan, bi sindikatuen arteko desadostasun estrategikoa indartzen ari dela deritzote eta horren oinarrian hiru arrazoi nagusi ikusten dituzte: negoziazio kolektiboa, LAB parte hartze instituzionaleko organoetara itzultzea, eta autonomia sindikala.

LAB, CCOO eta UGT

Negoziazio kolektiboan azken boladan LABek CCOOrekin eta UGTrekin egindako akordioak aipatzen ditu, esaterako, Metaleko hitzarmenean Araban eta Gipuzkoan, edota Arte Grafikoetan Gipuzkoan. Horrelako asko daudela zehazten dute Muñoak eta Igeregik, eta horrek baduela ondorio nagusi bat: patronalari mesede egiten diotela, hark LABekin, CCOOrekin eta UGTrekin akordio merkeagoak lortzen dituelako eta, azken finean, lan hitzarmen eskasagoak sinatzen direlako.

Parte hartze instituzionala

Bigarren desadostasun handia parte hartze instituzionalari dagokio. LABek aurten erabaki du esparru horietara itzuliko direla. ELAren esanetan, ELAk eta LABek duela hamar urte erabaki zuten gune hori uztea, mahai horiek ez dutelako edukirik, eta enpresarien eta gobernuen neurrira egindakoak direlako. Igeregi eta Muñoaren ustez hori lotuta dago gaur egungo EH Bilduren moderatze instituzionalarekin, zeinak LABen ere eragina duen. Estrategia berri horretan, diotenez, euskal gehiengo sindikala dagoeneko ez da lehentasunetako bat.

Autonomia sindikala

Funtsean, hori litzateke ELAren ustez bi sindikatuen aldentzearen arrazoi nagusia. ELAren ustez, haiek autonomia sindikala ulertzeko moduak mugarik gabeko kontraboterea ahalbidetzen du: autonomiarik gabe ez dago kontrabotererik. Eta autonomiaz ari direnean, funtsean ELAK erreferentzia egiten die LABk Sortu eta EH Bildurekin dituen loturei.