Arnaldo Otegik prentsaurrekoan EH Bilduko Mahai Politikoaren adierazpena irakurri du, eta Espainiako eskuinaren jazarpen kanpaina salatu du. Berretsi du ezker koalizioaren erantzukizuna dela elkarbizitzarako bidean beste sektoreengan ezinegonak saihestea, eta gogorarazi du hauteskundeetako hautagai guztiek izenpetu dutela "bide baketsuaren" aldeko konpromisoa. Zazpi hautagaik atzera emandako pausoa txalotu du.
Astearte goizean uko egin diote EH Bilduko hautagai izateari odol delituak egotzita zigortutako zazpi ETAko kide ohik, azken egunotan Covitek eta Espainiako eskuineko sektoreak haizatutako polemikaren harira.
Ordu batzuk geroago hitza hartu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak prentsaurrekoan, Mahai Politikoak lagunduta. Txalotu egin dute zazpi kideek erabaki izana zinegotzi izateko hautagai zerrendatik ateratzea.
Gainera, “zalantzarik gera ez dadin”, baieztatu du koalizioko ia 4.500 hautagaiek bat egiten dutela eta izenpetu dutela “soilik bide baketsu eta demokratikoen aldeko EH Bilduren apustua”. Hautagaiek Urriaren Hemezortziko Adierazpena ere hitzez hitz izenpetu dutela gogorarazi du: “Zauriak kentzeko borondate zintzoarekin”.
Aldi berean, salatu dute Espainiako eskuineko sektore jakin batzuek hauteskunde giroan egindako “jazarpen eta eraispen kanpaina onartezina”, baita beste indar batzuek “arduragabekeriaz, interes politiko eta elektoralista hutsengatik” kanpaina horretara batu izana.
Azpimarratu du “ia saihestezina” dela sektore erreakzionarioek horrelako jokabideak izatea, baina EH Bilduk horren aurrean erantzukizuna duela: “Ez du aitzakia izan behar geure hausnarketak ez egiteko”. Koalizio independentistaren betebeharra sektore inboluzionisten eraginak arintzea dela azaldu dute eta konpromiso hau hartu: “Etorkizunean aurrera egiteko dugun borondatea berresteko eta aniztasunetik eta desadostasunetik ere, elkarbizitzarako eta normalizazio politikorako bidea egiteko prest dauden beste sektore batzuetan ezinegonik sor ez dadin”.
Azkenik, euskal herritarrei zuzendu zaie Otegi, eta adierazi du “konfiantza osoa” duela azken urteetan aurreko zikloa gainditzeko eta “erabateko bake eta askatasuneko etorkizuna” lortzeko eman dituzten urratsak eta konpromisoak interpretatzen jakingo dutela.
EH Bilduk adierazi du gero eta demokratikoagoak eta eraldatzaileagoak diren gobernantza ereduei bidea ireki behar zaiela, eta herri agendaren zati handia markatu behar dutela auzi hauek: nazio aitorpena, etorkizuna erabakitzeko gaitasuna, lurralde kohesioa eta eskumen boterea.
Gaia salatu zuen Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak komunikatu batean albiste ontzat jo du zazpi preso ohiek atzera egin dutelako, nahiz eta beste 37k ez dutela gauza bera egingo salatu duen. "Garaipen bat da, eta ez demokraziarena, baizik eta biktimen elkarte xume den Coviterena, immoraltasun hau salatu zuena".
Covitek salatu du beste 37 hautagaiek gauza bera egin ez izana. "Egia da biktimentzat hiltzaileen kasuak zirela kezkagarrienak eta mingarrienak, baina oraindik 37 zinegotzi geratzen dira EH Bilduren zerrendetan ez dutenak zalantzarik egingo karguak hartzeko, hauteskundeetan lortuz gero; ETAren parte izanik, erakunde terrorista horrek eragindako krimen guztietan lagundu ondoren".