Arabako herritarren %75 bizi den Gasteizen EH Bilduren zerrendak jaso du boto gehien, eta alkatetza zuen EAJ laugarren postuan geratu da, PSEren eta PPren atzetik. Arabako Foru hauteskundeak EAJk irabazi ditu, baina 10.000 boto utzita bidean, EH Bilduri eserleku bakarra aterata eta PSErekin zuen gehiengo absolutua galduta. Arabako zazpi udalerri populatuenetatik lautan irabazi ditu hauteskundeak EH Bilduk; bitan EAJk; eta beste batean PSEk. Oro har, EH Bilduren eta EAJren arteko lehia izan da nagusi Arabako udal eta foru hauteskundeetan. Abstentzio handiak paper garrantzitsua jokatu du emaitzetan.
Gasteizen lehia EAJ eta EH Bilduren artekoa izango zela aurreikusten zuten inkestek, baina EH Bildu eta PSEren artekoa izan da azkenik. Rocio Viteroren zerrendak 1.000 boto eskasen aldeari esker irabazi du; EH Bilduk 7 zinegotzi eskuratu ditu, eta PSEk 6 (2019ko zinegotzi kopurua berdinduta); seina lortu dituzte ere PPk (bat irabaziz) eta EAJk (bat galduz), koska bat beherago geratu badira ere. Podemosen inguruko koalizioak 2 zinegotzi lortu ditu.
Udalerri nagusiak
Laudion eta Agurainen ere EH Bilduk lehen postua kendu dio EAJri, bietan emaitzak irauliz alde oso txikiagatik: Laudion EAJk baino 29 boto gehiago eta 7 zinegotzi eskuratu ditu koalizioak, eta EAJk 6; Agurainen 55 boto eta zinegotzi bakarreko aldea atera dio EAJri. Amurrio izan da EAJk mantentzea lortu duen udalerri handi bakarra, 2019ko emaitzak errepikatuta (EAJ 8; EH Bildu 7). Iruña Okan denak berdin jarraitzen du: PSEk 4 zinegotzi lortu ditu; EAJk 3; eta EH Bilduk 2. Oionen, Arabar Errioxako udalerri populatuenean, irauli ikusgarria gertatu da: EH Bilduk 5 zinegotzi lortu ditu 3 irabazita eta lehen indarra bilakatu da. Dulantzin EAJ izan da lehen postua eskuratu duena (5 zinegotzi), kandidatura independenteari irabazita (4).
[[hauteskundeak grafikoak estua 2023 M28 udalak araba estua]]
Trebiñuko konderrian, Trebiñu herrian hautagaitza independenteak gehiengo absolutuari eutsi dio. Argantzunen, 2019an garaipen historikoa erdietsi zuen EH Bilduk legez Burgoskoa den lurraldean; baina 2023an, zinegotzi kopuru bera lortu badu ere (3), EAJk eskuratu du lehen postua eta gehiengo absolutua (4).
Gasteizen zein batzar nagusietan ez dago erraza aurreikusten zer gobernu eratuko diren eta zein babesekin
Batzar nagusietan EAJ nagusi ozta-ozta eta Vox sartu da
Arabako foru hauteskundeetan EAJk lortu du lehen postua mantentzea, baina oso alde txikiagatik. EH Bildu lehen indarra izatetik 1.200 botora geratu da. Jeltaleek 15 eserleku lortu dituzte, eta EH Bilduk 14. PSEk 9 ordezkari izango ditu batzar nagusietan (bat gutxiago), eta beste horrenbeste PPk (bat irabazita). Podemosek boto galera handia izan du eta 3 eserleku erdietsi ditu (bat behera). Voxek lortu du %3aren langa gainditzea, eta eskuratutako 4.500 botoei esker eskuin muturrak ordezkari bat izango du Arabako Aldundian. Gasteizen bezala gobernu berriaren osaera ez da erraz antzematen, baina argi dagoena da EAJ-PSEk zuten gehiengo absolutua galtzeak gauzak aldatzen dituela.
[[hauteskundeak grafikoak estua 2023 M28 batzar-nagusiak araba]]
Abstentzioa gora
Emandako botoek ez ezik eman ez direnek ere baldintzatu dute emaitza. Gasteizen, 2019rekin alderatuta, botoak galdu dituzte PSEk, PPk, EAJk zein Elkarrekinek. EH Bildu izan da gora egin duen bakarra, oso modu apalean (300 boto). Araban, boto galera izan dute EAJk, PSEk eta Elkarrekinek: eta irabazi EH Bilduk (3.000), PPk (1.000) eta Voxek (2.200). Abstentzioak %17a egin du gora Araban (%34tik %40ra), azken urteetako joera baieztatuz. Paperik eta hortaz boto eskubiderik ez duten milaka arabarrak alde batera utzita, 10 herritarretik 6 joan dira hautetsontzietara, eta 4 ez.