argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduren arabera pentsiodunak ez dira “kontuan hartzen” Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuetan
  • Koalizio abertzalearekin ituna egitea da Jaurlaritzaren bide bakarra. EH Bilduk dio pentsiodunei bideratu nahi zaien dirua ez dela “nahikoa” hauen beharrei erantzuteko. Gaur dira biltzekoak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 20a
EH Bilduko ordezkariak eta Pedro Azpiazu, negoziatzen

Pentsiodunen beharrei erantzunik ematen ez dion aurrekontu proiektua ez duela babestuko dio EH Bilduk. Eta berririk ezean Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak ez lirateke onartuko, koalizioa baita hauen azken aukera, PPk eta Elkarrekin Podemosen aukerak baztertuta geratu baitziren.

Jaurlaritzak 48 milioi euroko diru poltsa bat zertan gastatu negoziatzea proposatu dio EH Bilduri, eta koalizioaren aburuz, gutxienez 350 milioi euro bideratu beharko lirateke pentsioetara. EH Bilduren ustez, “badago dirua”. Gogorarazi dute lurralde historikoen instituzioek “aspaldiko diru sarrera handienak” izan dituztela aurten, eta horrez gain, iaz xahutu gabeko 700 milioi euroko diru poltsa bat ere badagoela. Hortaz, “lehentasunak ezarri eta inbertitu”, besterik ez dela geratzen esan dute.

Presioa

Ituna lortzeko dauden zailtasunak jakitun, asteburuan EH Bilduren gaineko presioa areagotzen saiatu da EAJ. Joan den larunbatean Araban eginiko ekitaldi politikoan, Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek abertzaleek bi aukera dituztela esan zuen, “bat edo beste”: “Gehien behar duten pentsiodunei, larrialdi egoeran dauden familiei eta langabeei laguntzea, edo PPri laguntzea”.

EH Bilduko Maddalen Iriarte legebiltzarkideak adierazpen horiei gogor erantzun zien Euskadi Irratian. Jaurlaritzari “aitzakiak amaitu” zaizkiola esan zuen –Aitor Esteban EAJko batzarkideak Pedro Sanchezen gobernuarengatik esan zuen berbera–, eta Jaurlaritzarena dela aurrekontu “duinak eta egokiak” prestatzeko ardura, ez babesa eman behar duen alderdiarena. “Utzi pilota EH Bilduren teilatuan jartzeari”, gaineratu zuen.

EH Bildu, bide bakarra

PP eta Elkarrekin Podemos “lehiatik at” daude. Ezkertiarrek diote Jaurlaritzak ez duela “inolako interesik” hauekin negoziatzeko, eta hauen proposamenei jaramonik ez zaiela egin. PPk aldiz, argi utzi du Ezker Abertzalearen intereserako “bideratuta” dagoela proiektua, eta beraz, PPk ez duela babestuko.

Gaur dira biltzekoak EH Bilduko ordezkariak eta Pedro Azpiazu, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua.